Baionan eta Pauen salatu dute guraso eta irakasleek eskola-bitartekoen eskasia
Asteak igaro dira datorren ikasturterako murrizketak iragarri zirenetik baina gurasoen eta irakasleen haserrea ez da baretu. Atzokoan, Baionan eta gero Pauen islatu zen. Eskola asko itxi edota okupatu egin zituzten.
Arantxa MANTEROLA |
Duela aste batzuk Hezkuntza Ministerio frantsesak datorren ikasturterako iragarri zituen aurreikuspenek eragindako haserrea baretu ez, eta areagotzen ari da. Geroztik ez da giro izan eskola batean zein bestean, batez ere, ikasgelaren bat itxia izateko edota irakasle postuak galtzeko zorian dauden horietan.
Atzokoan, irakasle sindikatu eta gurasoen elkarte gehienek deituta, greba eta mobilizazio anitz egin zen ikastetxe askotan. Jatsuko eskola publikoan, esaterako, irakasle guztiek lanuzteari heldu zioten, gurasoek eskola okupatzen zuten bitartean. Antzekoa gertatu zen Baiona Handiko eskolan, zuzendariaren bulegoa eta eskola bera «hartu» egin baitzuten gurasoek.
Hendaiatik, Milafrangatik, Uztaritzetik, Angelutik eta beste herri askotatik etorritakoek bat egin zuten Baionako Arenes eskola inguruan.
Guztira, haur hezkuntzako eta lehen mailako hezkuntzako 300 bat ikasle eta guraso elkartu ziren Akademiako Inspekzio aitzinera joateko. Han, ordezkaritza batek arduradunekin elkarrizketatzeko saiakera egin zuen. Alta, ez zituzten artatu eta horrek haserre bizia eragin zuen haien artean. «Sinesgaitza da mespretxu honekin tratatuak izatea», esan zuen guraso batek. Beste bati, berriz, ez zitzaion «batere onargarria egiten ikasgela bakoitzeko 30 ikasle edo gehiago» izateko perspektiba. Azkenean, Baio- nako Suprefeturaraino joan ziren beren protesta agertzeko.
Handik, hainbatek Paueko bidea hartu zuten segidan. Izan ere, 14.00etan, Hezkuntza Nazionaleko Pirinio Atlantikoetako Kontseiluak (CDEN) adostasun-bilera egitekoa zuen, eta horren karietara, elkarretaratzeko deialdia zabaldua zen Departamendu osoan.
Kontseilua, gibelatua
Kontseilu hori, hezkuntzako arduradunez gain, hautetsi eta irakasle eta gurasoen elkarteetako ordezkariek osatzen dute eta helburua, orain hamabost egun finkatutako neurriak (tartean 16 irakasle-postuak kentzea) berrestea zen. Bilera, ordea, ez zen azkenean egin, ordezkari horietako askok boikota egin zutelako protesta gisa.
Eskola-bitartekoen murrizketen harira, salaketa ugari izaten ari da. Batasunak adierazi du «edozein jendarteren geroa bermatzeak hezkuntza sistema hobetzea» eskatzen duela, eta «postuen murrizteak kalitatea apaltzea» dakarrela «berdintasun printzipioaren» kaltetan.