Ebakuntzaren ondoren, sei astetan itzultzea espero du Ander Alañak
A.U.L. | EIBAR
Espero zen bezala, artroskopia egin zioten atzo Ander Alañari, ezkerreko orkatilean apurtutako astragaloa konpontzeko. Orain osatzeko epeari ekitea egokitzen zaio sei asteotan jokalari bizkaitarrari.
Medikuek ezarritako epe horiek betetzen baditu, denboraldiko bi edo hiru azken partidak jokatzeko aukera izango luke kapitainak, baina baliteke, taldearen egoera ezin hobea dela ikusita, inolako arriskurik hartu nahi ez izatea, eta hala, Alañaren berragerpena datorren aurredenboraldira arte atzeratzea.
Bizkaitarrak bigarren aldiz sufritutako lesioa da. Kamiseta gorri-urdina defendatu zuen lehen urtean ebakuntza berbera egin behar izan baitzioten, kasu hartan eskuineko orkatilan.
Ez da izan, zoritxarrez, ebakuntza mahaian etzan behar izan duen aldi bakarra: 2005eko azaroan, sorbaldako luxazioa konpondu behar izan zioten, eta hiru hilabete gerora, zelaietara itzultzear zegoela, orain arte izan duen lesiorik gogorrena etorri zitzaion, meniskoa eta lotailu gurutzatua hautsi zitzaizkionean. Zazpi hilabetez itxaron behar izan zuen berriro jokatzeko. Ordutik hona, berriz, lesioek deskantsua eman diote, eta entrenatzaileak, bere konfiantza.
Lasaitasuna
Gainontzeko gorri-urdinak, bestetik, lanera itzuli ziren atzo. Lasaitasunez, Kordoban lortutako garaipenak gertu-gertu utzi baitu mailari eusteko aukera.
Gaur atseden hartu ondoren, bihar hasiko dira Castellóren aurkako partida prestatzen (igandea, 18.00etan).