GARA > Idatzia > Gutunak

Esti Amenabarro

Eneko, maite zaitugu!

Duela ez asko irakurri nion norbaiti, esaten ez bazuen, barrua erreko zitzaiola, eta neuri ere oraingoan antzeko zerbait gertatu zait, eta esan behar dut: Eneko, maite zaitugu.

Azken lau hilabeteotan entzun eta ikusitako guztien ondoren, indar gehiagorekin esaten dut gainera. Ez naiz komunikabideek egiten duten lanaz hitz egiten hasiko (haietako askok idatzi duten guztia oso-osorik gezurra dela esan dezaket, neronek bizitua, eta egunkari horiek irakurtzen dituztenek, euren osasun mentala zer-nolakoa izatea nahi duten ez naiz ni gomendioak ematen hasiko, baina ziur euren eragin intelektuala ez dela oso ona izango egunkari horiek irakurrita), berdin polizien jardunaz; zer esan? Errepresioa eta basakeria... besterik gabe, zakur amorratuak bezala, irudi hori geratu zaigu.

Euskaldunak trofeoak gara Espainiako eta Frantziako agintarientzat. Eta gure herrian bertan, iturri espainoletik edaten duten erregionalistek (abertzale txit epelak) hala nahi dutelako gainera. Dena kontua dute hauek, euren praxiaren atzetik, dagoena berresteko besterik balio ez duten diskurtso antzuak baitira. Ez gaitzatela engaina: Espainia handia, autonomien erregioak... baina inolaz ere ez euskal herritarrek osaturiko Euskal Herririk, ez eta estaturik ere.

Eta bakea behar dugu, bai horixe, baina herri honek behar du bakea. Herri honek ez du iruzur eta erdibideko akordio ezkuturik behar, herri honek bere buruaren jabe izateko tresnak behar ditu eta gatazka politikoaren izaera politikoa onartzetik hasi eta gatazka horren ondorio politikoak konpontzetik jarraituta soilik etor liteke bakea. Bestelakoan, sasi bakeaz hitz egiten gabiltza.

Aitor dezagun herri honetan aukera politiko guztiek ez dutela lehiatzeko eskubide bera, Herri honetan gazte mugimendua independentziaren aldekoa bada, kriminalizatu egiten dela, independentziaren aldeko hautuak legez kanporatzen direla, egunkariak ixten direla euskarazkoak direlako... eta honi demokrazia deitzen zaio. Eta, noski, hau guztia ETAren aitzakiapean.

Ahaztua dute ETAren existentzia bera iruzurra egiten pasatu dituzten urteak adinakoa dela, 30 urte pasatu dira Estatua eta Amejoramendua sinatu zutenetik eta herri honi ekarri diotena begi bistakoa da.

Errepresioak pertsonak eramaten ditu kartzelara, baina ez ideiak, egitasmoak. Egunkariak itxi, irratiak itxi, jarduera politikoa garatzeagatik espetxeratu, basatiki torturatu... nor da hemen biolentoa?

Ez dut bihotzak eskatzen didan guztia idatziko, baina esan beharra nuen: Eneko, maite zaitugu, Hodei maite dugu, Amagoia maite dugu... eta orain artean zuk egin duzun bezala, maitekiro zainduko ditugu. Zure ondoan izango gaituzu, beti.

Oharra: (ai)ta, zenbat urte dauzkazu? Baaa...

Osasuna eta askatasuna

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo