GARA > Idatzia > Musika

Udazkena bitartean, agertoki eta estilo anitzez blai dator Donostikluba zirkuitua

Elektronikaldiari lekukoa hartuta sortu zen Donostikluba, klub musika sustatu asmoz, eta iraupen luzeko zirkuitua gero, zuzeneko musika antolatzeko hiriko kolektibo ezberdinek zuten grina ikusita.

A. BILBAO | BILBO

Donostiklubak udazkenean egin ohi duen jaialdiari aurrea hartu eta zirkuitua antolatu du Gipuzkoako hiriburuan, udalaren sei aretotan estilo ezberdineko hamar ekitaldi ingururekin. Gero, urriaren 3tik 11ra ospatuko da izen bera daraman nazioarteko jaialdia, Gazteszenan. «Musikariekin harreman zuzena ahalbidetzen duten formatu ertaineko zuzenekoak areto itxietan sustatzea» da Donostikluba egitasmoaren ideia nagusia, bertako zuzendari den Sergio Cruzado-k azaldu duenez.

Zazpi urtez ospatu zen Elektronikaldiari lekukoa hartuta jaio zen Donostikluba orain hiru urte inguru, kalitatezko musika hiriko aretoetara hurbiltzeko asmoz. Sergiok esan duenez, «konturatu ginen bazirela Donostian musika grinarekin bizi duten kolektibo ezberdinak, kalitatezko jaialdia eta zuzeneko duinak antolatzeko irrikitan zeudenak». Beraz, udalarekin hitz egin eta apiriletik azarora bitarteko zuzenekoak oholtzaratuko dituzte hainbat eta hainbat eragilek, zirkuito koloreanitza sortuz.

Lehenengo zuzenekoa Love of Lesbian eta Derivak eman zuten Lugaritz aretoan, joan zen apirilaren 3an, eta hurrengoa, berriz, maiatzaren 16 eta 17an jorratuko dute, Victoria Eugenia antzokiko klubean. Zortzi disko jartzaile elkartuko dira bertan, musika beltza jarri eta «Soul Supreme» izendatu duten soul egitasmoa jendeaurrean agertzeko.

Maiatzaren 20an, Moon Palace disko etxe gipuzkoarraren txanda. Bere eskutik, Gregor Samsa luxenburgotar taldea eta Saioa ikusteko aukera, Okendon.

Festibaila eta Galaktika

Ekainaren 12ak Quique Gonzalez eta Joseba Irazoki beratrra hurbilduko ditu Egiako Gazteszenara, Festibaila jaialdiari txanda eman aurretik.

Ekainaren 13 eta 14an rock dantzarako beta eskainiko digu Festibaila jaialdiak Gasteszenan. Bertan, Los Coronas madrildar surf-rock talde ospetsua eta lurrazpitik atera den Tiki Phantoms taldeak, etxeko Discipulos de Dionisos eta Delorean dantza talde bikainarekin batera, K**O eta Hosoi disko jartzaileak.

Kontadores Gaztelekuan Donostia Elektronikoa izango da irailaren 13an, eta zortzi egun geroago, berriz, Galaktika pop jaialdia, etxeko Mod Time eta platerak biraka jarriko dituzten Miqui Puig eta Cooper disko jartzaileekin.

Zirkuituari hip hopak emango dio amaiera eta azaroaren 8an, Altzako kulturetxean, Duendeas eta Shottak errimatuko dute, urrian aipatutako Donostikluba jaialdiaz gozatu ostean.

JAIALDIA URRIAN

Urriaren 3tik 11ra bitartean ospatuko den nazioarteko Donostikluba jaialdiaren aurretik egingo den zirkuituak estilo anitzeko hamar bat ekitaldi eskainiko ditu apiriletik azarora.

Fitxa

Non: Gazteszena (Donostia).

Maiatzak 16-17: Soul Supreme. Maiatzak 20: Gregor Samsa + Saioa.

Ekainak 12: Quique Gonzalez & La Aristocracia del Barrio + Joseba Irazoki. Ekainak 13:

Los Coronas + Discipulos de Dionisos. Ekainak 14: Delorean + k**0 + Hosei + Tiki Phantoms.

Irailak 13: Donostia Elektronikoa. Irailak 20: Mod Time + Ricky Gil + Miqui Puig Dj + Cooper Dj.

Azaroak 8: Shotta+ Duendeas.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo