GARA > Idatzia > Musika

Nick Cave australiarrak zuloan sartu nahi du Jesusek berbiztu zuen Lazaro

Musikarien artean mirestua, Nick Cave australiarrak The Bad Seeds taldea elkartu du berriro, Grinderman blues gordineko laukotea sortu ostean, eta Donostiara hurbilduko zaigu, «Dig!!!, Lazarus, Dig!!!» hamalaugarrena duen lana aurkezteko. Heroina, orratzak eta iluntasuna iraganean sokoratu eta etxeko gizon zintzoa omen da Cave egun, lau seme alabaren aita serioa. Alta, zuzenean ez duela gordintasunik galdu erakutsi nahiko digu gaur zortzi.

p054_f01_148x152.jpg

Anartz BILBAO | BILBO

Rock gordin, herdoil eta koipetsua egiten maisuak direla aspaldi erakutsi ziguten australiarrek. Maisuetan maisu, bortxakeria, heriotz, maitasun eta gorroto hitzekin jantzi ohi ditu doinuok Nick Cavek, Bibliako eta erlijioko irudiak erabiliz. Kultuzko musikari, «Dig!!!, Lazarus, Dig!!!» hamalaugarren lana plazaratu berri du australiarrak The Bad Seeds talde fidelarekin batera, eta Donostiako Gaska kiroldegian izango dugu zuzenean gaur zortzi.

Nicholas Edward Cave australiako Victoria hiritik gertu jaio zen 1957ko irailaren 22an, eta guk musikari legez ezaguna bada ere, lan ugari egin ditu idazle edo antzezle gisara ere. Aita literatura irakasle zuen eta ama berriz, liburuzaina. Kantuarekin lehen harremana elizako abesbatzean izan zuen Cave gazteak eta Melbournen piano ikasketak burutu zituen gero.

Bigarren hezkuntzan margotzeari ekin zion eta heroina ziztatzeko joera hartu zuen, gerora bere musikari buruz hitzegiterakoan sarri aipatuko dena, ikur dituen etsipenezko hitz ilunak azaldu nahian edo. Egun drogazaletasuna utzi eta garbi omen dago Cave, lau seme alaben aita (ama ezberdineko 16 urteko bi eta 7 urteko bikiak ditu), baina zintzo mintzo da iraganari buruz, «nire belaunaldikoek gurasoak izorratzeko bidea genuen musika entzun eta droga ugari hartzea» esatean. Guraso legez, «egun teknologiak banantzen gaitu seme alabengandik» dio, eta «drogazalea balitz baino min handiagoa emango lidake semea futbol talde bateko kamiseta jantzita eta dozena erdi garagardorekin etxera sartzen ikusteak, partida lagunekin ikustera doala eta. Zer egin dugu gaizki, mundura hooligan bat ekarri izateko?, galdetuko nioke neure buruari. Nahiago dut drogazale bat burmuinik ez duen morroi bat baino, egia esan» gaineratzeko.

Musikari legez protopunk talde pare bateko partaide izan genuen gaztaroan, Mick Harvey lagunarekin batera. The Birthday Party sortzean, Australiatik Londonera aldatuko da taldea lehenengo, eta Alemaniara gero. Taldea ezagun egiten hasi zen Caven hitz asaldagarri eta zuzeneko harrigarriak zirela eta, 1984an bertan behera gelditu zen arte.

The Bad Seeds sortzea izan zen Mick Harvey eta Nick Cavek emandako hurrengo pausua. Einstürzende Neubauten kultuzko taldeko Blixa Bargeld gitarra jole germaniarra, Barry Adamson baxu jole ingelesa eta Hugo Race gitarra jole australiarra bildu ziren taldera, eta ordura arte partaide soil zen Nick Cave taldeko buru izatera pasa zen. «From Her To Eternity» lanak eman zion hasiera 1984an Nick Cave & The Bad Seeds taldearen ibilbide goraipatuari.

Harrezkero hamalau lan plazaratu ditu eta musikazale askoren aburuz 90eko hamarkadan, orratz ziztadaz josita, jo zuen bere sorkuntzaren gailurra. Garai horretakoak ditugu «The God Son», «Henry´s Dream» eta «Let Love In» lan bikainak.

Azken lanetan baina, zaleen arreta galdua zuen australiarrak, eta horren isla da batek baino gehiagok aspergarritzat jotzen duen 2003ko «Nocturama». Eta dirudienez, hauen arreta berreskuratu nahian aspaldiko lanak hartu ditu oinarri «Dig!!!, Lazarus, Dig!!!» argitaratzeko. Ohi legez erreferentzia Biblikoak darabiltza azken lanean ere, Jainkoarengan sinisten duen kristaua baita Cave.

Sorkuntza lantzeko orduan ere, ezhoiko musikaria da australiarra; pianoa, idazmaia eta sofa batekin hornitua duen bulegora joaten baita goizero goizero, 9etatik 5ak bitarte kantuak sortu eta idazteko. Artistaren esanetan, «kantuak idazmahaiaren aurrean sortu ditut beti. Lehen etxean egin nezakeen lan hori, bakarrik nengoelako, baina egun ezinezkoa zait seme alaben presentzia dela eta».

Zinema eta literatura gogoan

Lan berrirako, gainera, asko eta asko idatzi duela dio Cavek. Kantua ireki, aztertu, berregin, ezabatu... aritu omen da behin eta berriz eta «hori ez dago emakume bat altzoan jarrita duzula putetxe batean egiterik». Alta, iraganera bueltatu eta soinu zuzenago bat lortzea zuen helburu - nahiz eta azken lanetan legez pianoak baduen bere garrantzia-, eta bira berrirako entzulegoari zutik eta saltoka egoteko aukera eskaintzen zien aretoak bilatu nahi izan ditu artistak. Horra Kursaalean jo beharrean kiroldegian jotzearen arrazoi nagusia (oraindik sarrerak salgai dira eta badago zuzenekoaz gozatzeko aukera).

«Nocturama» lanaren porrota jaso ostean «Abattoir Blues/The Lyre of Orpheus» (2004) bikoitz fina plazaratu eta egindako kantu berezi eta ezezagunak disko hirukoitz bateko argitaratu ostean, Nick Caven berpiztea ikusi du batek baino gehiagok «Dig!!!, Lazarus, Dig!!!» energiko honetan. Aurretik, hastapenetara itzuli eta blues bortitz eta koipetsuko lan zuzena eman zuen iaz laukotean, «Grinderman».

Nick Cave berak miresten dituen musikarien kantuak berrirakurri dituen gisara, ordainetan berak ere jaso izan ditu musikari handien omenaldi eta laudorioak. Esaterako, Johnny Cash bertsioneatu zuen berak eta Johnny Cashek bertsioneatu zuen bera. Maitasun aferak tarteko, Pj Harvey eta Kylie Minoguekin ere lan egindakoa dugu.

Baina asperdura sortu, eroso, atsegin suertatu eta errazkerian erortzeaz beldur den artista ipurterreak baditu beste zaletasun batzuk ere, literatura eta zinema tartean. Hiruzpalau literatur lan argitaratu ditu, tartean «King Ink», eta zinema munduan filmeak antzeztu, gidoiak idatzi eta makina bat musika sortutakoa dugu, Wim Wendersen pelikuletarako, kasu.

MITO HANDIEN PARE

Australiarra Johnny Cash, Leonard Cohen eta Tom Waitsen ondoan jarri duen zalerik ere bada. Izan ere, kultuzko musikaria dugu egun Nick Cave, beharbada musikazaleen artean baino musikarien artean eragin gehiago lortu duena.

Fitxa

Taldeak: Nick Cave& the Bad Seeds + The Lurid Yellow Mist.

Data: Apirilak 24, gaur zortzi.

Tokia: Gaska kiroldegia (Donostia).

Ordua: 20.30ean.

Sarrera: 37 euro.

The Bad Seeds, musikari bikainekin osatu nahasia

Nick Caven kantugintzaren balio nagusia hitzetan aurkitzen da asko eta askoren ustez. Musikari dagokionez, ez du talde makala osatu, hala ere, australiarrak.

The Birthday Party bertan behera utzi ondoren sortu zuen Cavek The Bad Seeds, bateria jotzeaz arduratu zen Mick Harvey lagunarekin batera. Blixa Bargeld gitarra jole alemanak (Einstürzende Neubauten), Barry Adamson baxu jole britaniarrak eta Hugo Race gitarra jole australiarrak osatu zuten bandaren aurreneko garaia, eta «From Her To Eternity» debuta plazaratu 1984an.

Egun zazpi musikari bikainek osatzen dute The Bad Seeds edo «hazi txarrak» taldea. Jatorrizko partaide bakarra Mick Harvey dugu, The Birthday Partyn ere parte hartu baitzuen. Australiarra bateria jole hasi, pianora aldatu eta gitarra jole ari da gaur taldean. Zinemarako ere makina bat musika sortu du, «Motion Picture Music 1994-2005» diskoan jaso eta iazko maiatzean Bilbon zuzenean aurkeztu zituenak.

Mick Harveyren tokia Thomas Wydlerrek bete du baterian 1985a geroztik. SuitzarraDie Haut alemaniar taldean aritutakoa da eta bakarka ere egin du bere bidetxoa. 1991an Conway Savage piano jolea eta Martyn P. Casey baxu jolea bildu ziren taldera. Australiarrak biak, Kim Salmon eta David McCombekin batera aritu eta bakarkako bost lan plazaratu ditu lehenak eta The Triffids taldean jo zuen bigarrenak.

Taldearen azken haziak Jim Sclavunos (perkusioa, 1994tik aurrera) eta James Johnston (teklatuak, 2003tik aurrera) dira. Musikari ipurterreak makina bat egitasmoan parte hartutakoak dira Cavek osatu superbandara bildu ziren arte. Estatu Batuetakoa dugu Sclavunus, tartean Sonic Youth eta The Cramps taldeetan bateria jotakoa. Egun Vanity Set taldean ere jotzen du. Johnston britaniarra ere ez da geldirik egotekoa. Antzezle gisa lan berezi eta esperimentatzaile batzuk egin ditu eta musikari legez Gallon Drunk du talderik ezagunena.

Zazpikotea osatzen eta taldeko soinuaren arduradun nagusi, Warren Ellis arrabita jole australiarra 1993a geroztik Nick Caven konfidantzazko gizona da. Heziketa klasikoa du musikan eta zinemarako musika ugari sortua da. Marianne Faithfullekin ere egin du lan eta 2005eko azaroan Bilbon ikusi genituen The Dirty Three du bere egitasmo propioa.

Bestalde, Nick Cavek Grinderman taldea sortu zuen iaz, Ellis, Casey eta Sclavunos kideekin batera. A. Bilbao

ZUTITU ZAITEZTE!

Nick Cave Donostiara ekartzeko ahaleginean, australiarrarekin harremanetan jarri eta ikusentzulegoak zuzenekoa zutik jarrai zezan eskatu zuen hark. Hori dugu Kursaalean beharrean kontzertua Gaska kiroldegian antolatzearen arrazoia.

Lazaro hilobitik jaiki eta ibili zenekoa

Gauza jakina da Nick Cavek bere kristautasuna duela kantuak egiteko iturri nagusietarikoa. Bortzakeriaz, maitasunaz, heriotzaz eta erlijioaz mintzo da hitzetan sarri eta erreferentzia bibliko ugari landu ohi ditu.

Argitaratu duen azken lana, hamalaugarrena, «Dig, Lazarus, Dig» du izenburu. Itun Berriko laugarren ebanjelioan, Joan Bataiatzaileak 11, 1-21 pasartean kontatzen du «Lazaroren Berbiztea. Ni naiz bizia». Bertan, Jesusek Lazarori hilobitik kanpora atera dadin eskatzen dio eta Nick Cavek, berriz, berriro bere burua ehorztera gonbidatzen du Lazaro.

Iraganeko diskoetan erabili moldera itzuli da Nick Cave azken lan honekin, bere musikarekin arreta galdutako zaleak berreskuratu asmoz.

«Dig!!!, Lazarus, Dig!!!» (Mute-EMI, 2008) hamaika kantuz osatua dago. Ekoizle lanak Nick Launayk egin ditu (Gang Of Four, P.I.L., The Birthday Party...) eta soinuaren ardura nagusia Warren Ellis arrabita jotzailearena izan da, musikari gisa James Johnston teklatu jotzailea nabarmentzen bada ere. Bestalde, lanaren diseinu eta azala Tim Noble eta Sue Websterrek egina da. A. BILBAO

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo