GARA > Idatzia > Euskal Herria

Etxebizitza Eskubidearen Gazte Topaketak antolatu ditu EHGK-k

Bilbok hartuko ditu datorren maiatzaren 10ean etxebizitza eskubidea ardatz izango duten topaketak. Helburua, besteren artean, etxebizitzaren arazoa muinetik aztertzea, ematen diren irtenbideetan sakontzea, eta beharrezkoak diren hautabideak finkatzea izango da. Horretarako guztirako, oinarri gisa bi ideia hartuko dira: parte hartzea eta elkarlana.

p018_f01_111x111.jpg

Maider EIZMENDI |

Datorren hilaren 10an egingo dira Bilbon Etxebizitza Eskubidearen Gazte Topaketak. Euskal Herriko Gazteriaren Kontseiluko (EHGK) kide Ander Suberbiola eta Miguel Asensiok atzo egin zuten ekimenaren aurkezpena, eta helbururik behinena etxebizitzaren inguruan «gazteen ahotsa entzunaraztea» dela nabarmendu zuten.

Donostian egindako agerraldian adierazi zuten agerikoa dela «etxebizitza eskubideak gazteen bizimoduan duen garran- tzia», gaineratu zutenez, «gazteen emantzipazio eskubidearekin lotua delako, beraien bizitzak askatasunez garatzeko oinarrizkoa delako, eta pertsonaren garapen integralerako beharrezko premisa delako».

Egunerokoan urratzen den eskubidea dela iritzi zioten EHGK-ko ordezkariek: «Gazteok etxebizitza eskubidea egunerokoan urratua dugu; gure esku-bideak urratuak daude horie-kin negozioa egiten delako». «Gazteok behartuak gaude gurasoen etxean bizitzera, prekarietatean bizitzera; bizitza osoan hipotekatuta edo, gainera- koan, kale gorrian bizitzera behartzen gaituzte», gehitu zuten.

Ildo horretan, etxebizitzaren arazoaren inguruan instituzioek duten jokabidea ez dute uste izan beharko luketena denik. «Herritarren borondatea eta interesa eta borondate instituzionalaren artean tarte handia dago». Eta horixe bera, arazoaren konponbidea borondate kontua dela uste dute: «Premisa batzuk aldatzen ez diren bitartean, egoera ez da aldatuko».

Horren haritik, agerraldiari probetxu ona atera, eta herenegun Bilboko Erriberako etxebizitzaren hustutzearen gainean mintzatu ziren: «Gazte batzuek beren bizi proiektua aurrera eramateko ekimena martxan jarri zuten; urteetan hutsik egondako etxebizitza bati bizia eman zioten eta, lehen aipatutako interesak tarteko, kale gorrian geratu dira orain gazte horiek».

Gazteen bizitzan etxebizitzak duen garrantzia eta gisa hone-tako jardunaldien premia ageraian geratu zen, EHGK-ko kideek gogora ekarri zutenez, 2006an Andoainen egindako Gazteriaren Biltzarrean. «Bertan finkatu zen etxebizitzaren arazoa lan ildo gisa». Era berean, Euskal Herriko Gazteriaren Eskubideen Kartan ere jasota dago: «Euskal gazteriak bizitza duina izateko eta berau bermatzeko oinarrizko tresna diren lana eta etxebizitza izateko eskubidea»; eta, EHGK-k «lan eremu nagusi eskubideen karta duen heinean, lehentasunezko eskubide» maila egokitu di0, atzo beste behin esan zutenez.

Topaketen filosofian eta oinarrian bi ideia nabarmendu nahi izan zituzten: parte hartzea eta elkarlana. «Topaketa hauen bidez gazteriaren ahotsa jaso nahi dugu, eta, horretarako, ahalik eta jende gehienak parte hartzea garrantzitsua da». Helburu horrekin EHGK tresna egokitzat jo dute, «Euskal Herriko gazte guztiak bere baitan biltzeko, gure oinarrian dagoen aniztasun horri guztiari bide emanez, ahalik eta jende gehien batuz». Hain zuzen ere, EHGK-ko kideek nabarmendu zutenez, prestaketa lanetan ere parte hartzea ardatz izan dute, eta makina bat eragilerekin jarri dira harremanetan, «batez ere, topaketen formatua eta edukiak finkatzeko orduan». Eta atzokoan dei berezia egin nahi izan zieten gazte talde eta norbanako guztiei, Topaketetan parte har dezaten.

Topaketen egitaraua oraindik ere erabat finkatuta ez badago ere, hiru galdera nagusiri erantzuna ematen saiatuko direla aurreratu zuten: «Zein da etxebizitza eskubidearen egoera? Zer da aldarrikatzen edo proposatzen duguna, instituzio edo bestelako eragileek egin dezaten? Zer da guk gure kabuz egin dezakeguna?».

Beraz, egungo egoeraren azterketa sakona egiten saiatuko dira topaketetan. «Hausnarketa bateratua egingo dugu, etxebizitzaren arazoa deitzen den hori zehaztu, eta haren oinarrietan erreparatuz, baina eremu batzuetan bereziki sakonduko dugu, gazteriaren baitan errealitate gordinago bat bizi duten sektoreen egoeran».

Baina analisietan ez ezik, aurrera egiteko bideak bilatzen ere saiatuko dira. «Alternatibak eraikitzeko orduan zein ekimen egiteko aukera dugun aztertuko dugu, aurretik izan diren esperientzia ezberdinak mahai gainean jarrita».

Topaketen beste helburuetako bat etxebizitzaren inguruan lan egiten duten gazte taldeei espazio bat eskaintzea da. «Euskal Herrian bada etxebizitzaren inguruan gazte andana antolatua, eta uste dugu beraien artean elkartzeko beharra dutela, beraien guztien beharrez eztabaidatzeko, iritziak eta ikuspegiak elkarri argitzeko eta tresna bateratuak aktibatzeko».

elkargune

Etxebizitzaren arazoaren inguruan lanean ari den eragile andana dagoela ikusita, horiek elkartzeko eta iritziak eta eztabaidak truka ditzaten espazioa sortzea da topaketen beste helburua.

Iritzi trukerako eta hartu-emanetarako leihoa zabaldu dute sarean

Topaketen helburu nagusiak etxebizitza arazoaren inguruan jarduten duten taldeei espazio bat eskaintzea, eta parte hartzea eta elkarlana sustatzea dira. Helburu horretan tresna izango da abian jarri duten «www.etxe- bizitza.ehgk.org» webgunea.

Atzo egindako agerraldian azaldu zutenez, norabide biko baliabidea izango da hau. Batetik, informazioa eskuratu ahal izango da: aztertuko diren gaiak, zehaztasunak, programa... Baina aldi berean, trukerako eta eztabaidarako gune izan nahi du eta, horregatik, bertan eskaintzen dituzten testuen gaineko iruzkinak ere jaso nahi dituztela azaldu dute.

Horretaz gain, webgunean izango dira topaketak iragartzeko hainbat material eta bertatik eskuratu eta banatzeko aukera izango da. «Webguneak auzolanerako baliabide izateko helburua du», nabarmendu zuten agerraldian. M. E.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo