Euskal Herriko ahozko ondarea eta herri hizkerak jasotzen dituen egitasmoa aurkeztu dute
Azken urteetan asko izan dira euskarazko idatzizko ondarea jasotzeko egin diren lanak; ahozkotasunean, aldiz, ez da horrenbesteko lanik egin. Horri buelta emateko, Badihardugu-koek «ahotsak.com» aurkeztu dute.
Rebeka CALVO| DONOSTIA
Badihardugu Euskara Elkarteak ahotsak.com webgunea jarri du abian, zeinak Euskal Herri osoko ahozko ondaera eta herri hizkerak katalogatu eta hedatzea duen helburu, hau da, ahozko ondarearen corpusa osatzea. Honi esker, herri bakoitzeko garai bateko euskara ezagutarazteaz gain, euskaldun zaharrek beren ohitura eta bizimoduak ere erakutsiko dituzte.
Euskal Herriko Ahotsak Proiektuko Asier Sarasuak agertu zuenez, orain arte lan asko egin da euskarazko idatzizko ondarea jasotzeko, baina ahozkoak ez du ibilbide bera izan. Horrexegatik ari dira lanean Badihardugu-koak, «gure herrietako adineko jendea elkarrizketatu» eta beraien euskara eta bizipenak jaso eta zabaldu ahal izateko, Sarasuak esan zuenez.
Horiek horrela, ahotsak.comen 2004tik hona jasotako informazioa ikusi eta entzun ahal izango da; 62 herritako 986 hizlarien pasarteak. Zehazki, 1.212 zinta bildu dituzte webgunean, guztira 7.722 pasarte jasotzen dutenak -izan ere, hizlari bakoitzak kontatutakoa pasarteka ere sailkatu dute-. Grabazioen transkripzio batzuk ere sartu dituzte jada. Audioei dagokionez, 1.176 daude eskuragarri oraingoz, baita 1.021 bideo ere.
Lan mugagabea
Proiektuak, hala ere, «ez du amaierarik» Sarasuak agertu zuenez, eta 2012. urterako euskal herri guztietako lekukotasunak jaso, eta on line jartzea dute xede. Lana ez da erraza, are gehiago hizlari hauek guztiak oso helduak direla kontuan hartuta, «hamar urte ditugu ondare aberats hau jasotzeko», esan zuen zentzu honetan Sarasuak.
Badihardugu elkarteko Aintzane Agirrebeñak, bere aldetik, egitasmoaren ezaugarrien berri eman zuen aurkezpenean: «Euskal Herri osoko datuak biltzen ditu; publikoa eta doakoa da; proiektu irekia da eta interesa duen orok parte har dezake bertan; hainbat ikerlari eta proiektu biltzen ditu barnean; metodologia sistematiko eta zehatz bati jarraitzen dio; informazioa herrika eta gaika antolatu da, eta, azkenik, era guztietako hartzaileak izan ditzake».
Era berean, webguneak «Parte hartu» izeneko saila du. Izan ere, «Euskal Herrian, segur aski, asko izango dira beren aiton-amonei edo beste senideei grabazioak egin dizkietenak, eta horiek gure proiektuan parte hartzeko aukera» izan dezatela nahi dute. Parte hartzeko beste modurik ere badago, hala ere, webgunean zehazten denez -grabazio berriak egin eta bidali, transkripzioak egin...-.
Ez da Euskal Herrian horrelako lana egiten den lehen aldia, baina iazko urtean hauek guztiak biltzeko ahaleginetan hasi ziren, horrela egitasmoa sendotu ahal izateko. Elkarte, udaletxe eta talde desberdinekin elkarlana bultzatu nahi dute.
Oraingoz lanik handiena Gipuzkoa aldean egin dute, baina datozen hilabeteetan beste herrialdeetako pasarteak jasotzeko lanean jarraituko dute.
Sarasua eta Agirrebeñarekin batera Patxi Baztarrika Lakuako Hizkuntza Politikako sailburua ere izan zen aurkezpenean, eta egitasmoaren «sarean egoteko bokazioa eta elkarkidetasunerako duen bokazioa» azpimarratu zituen.
Badihardugu Euskara Elkarteko Aintzane Agirrebeñak argitu zuenez, bi metodo erabili dituzte lan egiteko: batetik, grabazio zaharrak datu base batean jasotzea eta katalogatzea eta, bestetik, bideoz grabazio berri asko egitea, «aurrekoek soinua bakarrik jasotzen baitzuten», argitu zuenez.
Behin hori eginda, minutuz minutu eta gaika kodifikatu egin dituzte grabazio guztiak eta ondoren transkripzio ugari egin dituzte. Hurrengo pausoa soinu zein bideo fitxategien edizio lana izan da, eta azkena, lan guztia eskuragarri jartzea www.ahotsak.com webgunean.