GARA > Idatzia > Euskal Herria

Gaitasunen hezkuntza izanen da Gasteizen eginen diren Jardunaldi Pedagogikoen oinarria

GARA |

Euskal Herriko Ikastolen Konfederazioak XV. Jardu-naldi Pedagogikoak antola-tu ditu datorren asterako. Apirilaren 22, 23 eta 24an izanen dira, Gasteizko Europa Jauregian.

Atzo aurkeztu zituzten Arabako hiriburuan, eta iaz hasitako ildoari segituz, aurten ere gaitasunen hezkuntza izanen da jardunaldien oinarria, modu zabalago eta irekiago batean jorratuz. «Konpetentzietan oinarritutako hezkuntza» izenburuarekin, hezkuntzan adituek, eta ikastoletako zein bestelako ikastetxeetako langileek landuko dituzte aurreikusitako gaiak. Parte hartu nahi izanez gero, www.ikastola.net webgunean informazioa eskuragai dago.

Aurkezpen agerraldian azaldu zutenez, «Europatik datorren hezkuntza-ildoa da konpetentziena», eta hemen Euskal Curriculumaren inguruan lanean ari direla kontuan hartuz, garrantzitsua iritzi diote gai hori irakasleekin lantzeari.

Europako esperientziak

Hiru egunez, goizetan hitzaldiak eskainiko dira «marko teorikoa» azaltze aldera, eta arratsaldean esperientzien berri emanen da. Horrez gainera, parte hartzaileen artean lan taldeak egin eta gaia landuz, «batera-jartzea» eginen da egunero. Lehen egunean gai nagusia landuko da, Bruselan diharduten adituen eskutik, han landuago baitago gaitasunen hezkuntza.

Bigarren egunean, gaia zehaztuz, Bartzelonako Unibertsitateko irakasle batek «irakasleen konpetentzia nola hobetu» azalduko du. Arratsaldean Lazkao eta San Fermin ikastolen esperientziak ezagutaraziko dira.

Hirugarren egunean berriz, «Diagnostiko-ebaluazioa» eta «Gelako ebaluazioak» landuko dituzte.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo