GARA > Idatzia > Tau

Barne arazoak

Will McDonald taldetik at utzi du klubak aldi baterako

Isun ekonomikoaz gain, zuzendaritzak espedientea ireki dio jokalariari eta, dirudienez, ez du Valladoliden aurka jokatuko, baina Final Fourrean izango da

p043_f01_097x103.jpg

Jon ORMAZABAL | GASTEIZ

Josean Kerejetari ez zaizkio batere gustatu Will McDonaldek Neven Spahijaren inguruan asteartean esandakoak eta taldeko dinamikatik at utzi du klubak pibot estatubatuarra, behin behineko erabakiz. Prentsari igorritako bi lerroko oharrean, Baskoniak dio jokalariari espedientea irekiko diotela, beraz, ikusi beharko da zein bide hartzen duen auziak. Pete Mickaelek ireki zuen bidea larunbatean, adierazpen xamurragoak eginda, baina hegalekoaren ikontrako neurririk hartuko duen ez du jakinarazi taldeak.

Diru isunaz gain, -Bilboko auto istripuaren ondoren eta etxean Leonen aurka galdu ostean beste batzuk ere ordaindu ditu dagoeneko- Will McDonaldek ez du larunbatean taldeak Valladoliden aurka duen partida jokatuko, baina badirudi Final Fourrean jokatzeko zigorra kenduko diotela. Kontua da, Madrileko hitzordu garrantzitsurako taldeak ez daukala beste jokalaririk fitxatzeko modurik.

Erabakia Neven Spahijak hartu, eta klubak bere egin du. Horrekin, McDonald zigortzeaz gain, Kerejetak mezu garbia igorri die jokalariei, eta kirol alorreko agintea entrenatzaileari baino ez dagokiola erakutsi. Izan ere, azkenaldian sarri esan izan da kroaziarrak ez duela aldagela behar bezala kontrolatzen, halako adierazpenik ez baita sekula entzun Baskonia barruan.

Hemendik aurrera ikusi beharko da zer gertatzen den jokalariarekin, izan ere, 2010era arteko kontratua baitauka Baskoniarekin, eta hainbat iturrik diotenez, Kerejeta bere kontratua etetea ere aztertzen ari da. Prozesu hori, ordea, luzea izango da, eta horrexegatik taldeak alde guztien iritziak entzun, eta abokatuek gomendatzen dutenaren araberako erabakia hartuko du.

Euroligan ez bezala, ACBn hainbat aldaketa egin ditzake Baskoniak eta ez litzateke harritzekoa izango, kaleratzeko aski arrazoi topatuz gero, taldeak beste jokalari bat fitxatzea, izan ere, kantxan ez du batere maila onik eman orain arte.

Hori bai, fitxaketa berri horrek Europar Batasuneko pasaportea izan beharko luke, atzerritar postuak Pete Mickeal eta James Singeltonek betetzen baitituzte. Hurrengo urteerako lor dezakeen espainiar pasaportea da McDonaldek taldean jarraitzeko duen aldeko arrazoia.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo