Floren Aoiz www.elomendia.com
Nafarroa 2012
Espainiar instituzioen egutegian 2012an aldatuko da legislatura, hauteskundeak aurreratzen ez badira. Historiari erreparatuz gero, berriz, hagitz data esanguratsua dugu 2012a, 1512. urtean gertatu zen Nafarroaren konkistaren urteurrena delako. Euskaldunon estatuaren galeran mugarri erabakigarria izan zen Fernando Katolikoak agindutako erasoa, eta jadanik denok dakigu lehen mailako lehia ideologiko eta politikoa emanen dela dataren inguruan. Nafar gobernuak, gainera, iragarri du hainbat ekimen garatuko duela datari begira, baina haiek, konkistaren esanahia estaltzeko asmoz, Tolosako Navetako guduari emanen diote garrantzia, nonbait. Bertsio ofizialen arabera, musulmanen kontrako bataila famatu hartan lortu zituen Nafarroak ikur bilatu diren kateak. Espainolistek adierazi nahi dute, 1212ko gertaera oroitaraziz, Nafarroak bat egin duela betidanik espainiar egitasmoaz, pentsatuz horrela ahantzaraziko dutela 1512ko espainiar erasoa. Errealitateak gezurtatzen du bertsio ofiziala: Nafarroako ikurra aurretikoa da, nafarrak behartuta joan ziren gudu horretara eta Nafarroako erresumak harreman onuragarriak izan zituen musulmanekin, gaztelar eta aragoitarrak «errekonkista» deitutako eraso ibilbide horretan murgilduta zeudelarik.
UPNk eta PSOEk batera iragarri duten Nafarroa 2012 plana propaganda operazioa da, aurretik erabakitako ekimenak bildu dituztelako eta helburu publizitarioa nabarmena delako. Baina, kasu!, egitasmoa haratago doa. Alde batetik bi alderdien arteko sintonia adierazi nahi izan dute. Mezu argia bidali diote NaBairi, nabarmenduz bukatu dela koalizio honi alfonbra gorria ezartzeko unea. Eta, bestaldetik, 2012. urtearen harira datorren lehiarako posizioa hartzen ari dira. Jakinik sakoneko borroka ideologikoan asko dutela galtzeko, ezin justifikatu eta ezkutatuzkoa baita 1512ko konkista, gaur egungo egoeraren defentsa egin nahi dute poltsikoaren ikuspegitik. Ez da deus berririk. Iragan 496 urteetan etengabean esan dute konkistak etekin onuragarriak ekarri dizkiola Nafarroari. Hauxe helarazi nahi digute egitasmoarekin, hots, indarrez kendu ziguten estatalidadea berreskuratzea baino askoz ere komenigarriagoa dela gaur egungo estatusa.
2012. urtea hurbil dago. Eta begi-bistakoa da gogotik helduko diotela batzuek eta besteek dataren atzean dagoen egitasmoen lehiari.