GARA > Idatzia > Euskal Herria

Mallabiko Udaleko taldeek aho batez erabaki dute UEMAn sartzea

p015_f02_088x068.jpg

GARA |

Mallabiko Udalak aho batez erabaki zuen ostegunean, EAE-ANVko bost ordezkarien eta EAJko lauren botoekin, Udalerri Euskaldunen Mankomunitatean sartzea. Horrenbestez, UEMAko batzar nagusian bi ordezkari izango ditu hemendik Mallabiak, alderdi bakoitzeko bana.

Bi taldeek babestu zuten Mallabia UEMAn sartzea, eta aretoan bildutako herritarrek pozez hartu zuten erabakia; are gehiago Azpeitian eta Munitibarren (azken herri horrek asteazkenean mankomunitatea uztea erabaki zuen) alderdi jeltzaleko zinegotziek aurkako jarrera erakutsi zutela kontuan hartuta. Mallabian ostera, UEMAn sartu eta lan egitearen aldeko diskurtso «beroa» egin zuten.

EAE-ANVk idatzia eraman zuen osoko bilkurara, eta han nabarmendu zuen Udalak bere egin behar duela herritarrek euskaraz bizitzeko duten eskubidea; gaztelaniak betetzen dituen funtzioak euskarak ere bete behar dituela; Udaletik bertatik hasita, mallabiarrek beren eguneroko bizitza euskaraz egin ahal izatea ahalbidetu behar dela; euskararen lur-gunea osatu beharra dagoela; gainerako udalerri euskaldunekin elkarlana sustatu beharra dagoela; euskara berreskuratzeko herritarren eta eragileen parte-hartzea ezinbestekoa dela; eta, azken finean, Mallabiko Udalak UEMAren estatutuak bere egiteko beharra.

Alderdi ekintzaileko alkate Aitor Loiolak ere hartu zuen hitza eta, lehenik eta behin, hizkuntzarengatik «inor diskriminatzeko asmorik ez» dagoela ohartarazi zuen. Baina Mallabia Euskal Herria izanik, euskara eta horren erabilera sustatu beharra defenditu zuen. Era berean, euskaldunek «euskararen beharra herritar guztiei» zabaldu eta helarazi behar dietela nabarmendu zuen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo