GARA > Idatzia > Euskal Herria

Iruñerriko auzoetako jaiak «lehen mailakoak» direla aldarrikatu du Gora Iruñea-k

Gora Iruñea! plataformak Iruñerrian laster hasiko diren auzoetako festak antolatzeko herri mugimenduak duen gaitasuna goraipatu zuen, nahiz eta Udalarentzat «bigarren mailakoak» direla salatu zuen.

Jasone MITXELTORENA |

Iruñeko Jai Batzordeak koordinatzen dituen Gora Iruñea! plataformak atzo jakinarazi zuen laster hastekoak diren auzoetako jaiak prestatzen ari direla. Aurkezpenarekin, festa horiek antolatzearen garrantzia nabarmendu nahi izan zuten. Izan ere, «UPNren Udalarentzat bigarren mailako jaiak dira, baina guretzat eta auzoetako bizilagunentzat guztiz garrantzitsuak dira, lehen mailakoak». Garrantzi hori, jai horiek antolatzeko moduan datza: «herri mugimenduak» prestatzen ditu, eta Jai Batzordeen bitartez «nahi duen edonork har dezake parte antolakuntzan», esan zuten plataformako kideek.

Jai Batzordeetan azken urteetan egindako lanak zinez garrantzitsuak diren balioak, «elkartasuna, berdintasuna eta parte-hartzea» indartu dituela nabarmendu zuten plataformako kideek, eta aitzinera begira ere, «nahi dugun Iruñerria lortzeko denen indarrak biltzea» beharrezkoa dela azaldu zuten.

Agenda eta edalontziak

Gora Iruñea! iaz aurkeztu zuten, eta Iruñeko auzoetako Jai Batzordeek zein herri mugimenduko hainbat kolektibok osatzen dute. Guztien arteko lana koordinatu eta hainbat ekimen antolatzeko gaitasuna duen taldea da beraz. Elkarlan eta planifikazio horren bidez, aurtengo jaietarako prestatu dituzten bi ekimen aurkeztu zituzten atzo: Batetik, jai guztien berri emango duen poltsikorako agendak banatuko dituzte. Oraingoz, 5.000 ale egin dituzte, horien bidez, hiritar guztiei jaietan parte-hartu eta ongi pasatzeko gonbitea egin nahi diete. Bestetik, plataformak izadiarekiko agertu duen errespetutik abiatutako ekimena eramango dute jai guztietara. Ingurunea ez zikintzeko kanpainaren barruan, euro batean ordainduko diren edalontzi bereziak jarriko dituzte erabilgarri; edalontziek pintza berezi bat izango dute lotzeko. Horrelako neurriak hartuta, jaietan sortu ohi den plastiko-zaborra kopurua murriztea espero dute.

Plataformaren hitzetan «auzoetako jaiak egutegian egun bereziak dira. Biltzeko, aldarrikatzeko eta ongi pasatzeko aukera ematen dute, parte-hartzeko guneak sortuz». Neurri berean, «jai hauek herritarrek» antolatuak izatearen garrantzia nabarmendu zuten. Atzoko aurkezpenean batzordeetako, Iruñeko peñetako eta kolektiboetako ordezkariak bildu ziren, eta guztien artean topa egin zuten auzoetako jaien, auzoetako mugimenduen eta Iruñearen beraren alde, plataformaren izena gogora ekarrita.

Datorren astean hasiko dira festak Iruñerrian: Sanduzelai auzoan izanen dira, apirilaren 25etik 27ra, baina aste barruan ere hainbat ekitaldi izango dira.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo