GARA > Idatzia > Errugbia

Top 14

Biarritz eta Avironentzat premiazkoa da puntuak batzea

Zuri-gorriek sailkapeneko azken taldea hartuko dute Agileran, 17.30ean, eta finalerdietan jokatu nahi izanez gero, hor ezin dute hutsik egin. Zuri-urdinek, ordu berean, Perpinyanen izango dute neurketa.

p040_f01.jpg

Jon LEUNDA | BAIONA

Biarritzek aukera paregabea dauka gaur bost puntu batzeko, 17.30etik aitzinera Auch hartuko baitu Agilera estadioan, sailkapeneko azken taldea, hain zuzen. Avironek, aldiz, oso norgehiagoka zaila izango du, ordu berean hasita, Perpinyaren zelaian jokatuko baitu.

Biarritzek ahalik eta punturik gehien batu beharko ditu hemendik aurrera, finalerdietan izan nahi baldin badu. Gaurkoan ezin du hutsik egin sailkapeneko azkenekoaren aurka. Zuri-gorriak ez dira fin ibili denboraldian zehar, baina gaur jokoko lau puntuak, eta erasoko bestea ez lortzea hutsegite handia izango litzateke.

Zuri-gorriek bi partida segidan etxean izan dituzte. Pasa den larunbatean derbia irabazi egin zuten, eta indar handiarekin daude, baina gaur helburua betetzen ez badute, horrek ez die ezertarako balioko.

Aurrean mailako talderik ahulena izango dute, edo hori da behintzat sailkapen zerrendak erakusten duena. Azken lekuan daude, eta matematikoki ez bada ere, maila ia galdu dutela esan daiteke. Bi partida besterik ez dute irabazi, jokatutako 17etatik, eta gainerako guztiak galdu.

Partida hauek, ordea, ez dira batere gozoak izaten, izan ere, Auch gisako taldeek ez dute ezer galtzekorik, eta lasaitasun horrekin jokatzen dute. Jokalari asko, gainera, heldu den denboraldiarekin pentsatzen ari da, eta talde handien aurka jokatzen dutenean aukera paregabea izaten dute beren maila erakusteko. Hala ere, ezohiko gertaerarik ez bada, zuri-gorriek ez lukete arazorik izan behar garaipena erdietsi ahal izateko.

Biarritzek hamabostekoa erabakita dauka, eta honako hau izango da: Coetzee, August, Lecouls, Carizza, Couzinet, Vahafolau, Harinordoki, Cronje, Yachvili, Peyrelongue, Bidabe, Traille, Cabannes, Ngwenya eta Brusque. Noirot, Bourruits, Dellape, Hall, Dupuy, Bosch eta Masi, berriz, aulkian geratuko dira.

Aurkari zaila

Avironek neurketa zaila izango du, ordu berean Perpinyaren zelaian jokatuko baitu. Lapurtarrak bolada txar batean ibili dira, eta aspaldian ez dute partidarik irabazi. Liga hasiera paregabea egin ostean, orain heldu da unerik gogorrena.

Jaitsierako postua hamaika puntura dute, eta badirudi oraingoz ez dagoela arriskurik, baina atzeko taldeak gauzak ongi egiten hasiz gero, eta zuri-urdinek hobera egiten ez badute, estualdi handiren bat pasatu lezakete. Horregatik garrantzitsua da ahalik eta azkarren puntuak batzea, eta mailari eusteko txartela eskuratzea.

Gaurko partida, ordea, oso zaila izango dute, izan ere, kataluniarrak sailkapeneko laugarren postuan daude, hau da, finalerdiak jokatzeko postuetan, eta horixe da horien helburua. Horretarako gaurko puntuak ezinbestekoak dituzte. Aviron, aldiz, etxetik kanpo oso gaizki ibili izan da denboraldi osoan, eta orain artekoa ikusita, itxaropenerako tartea oso txikia da.

Hamabostekoa, honako hau izango da: Lafond, Hegi, Kopaliani, Renie, Springgay, Marmouyet, Massabeau, Elghoien, Howard, Larretxea, Lhande, Hegarti, Vermis, Gerber eta Peyres. Aulkian, berriz, Roumieu, Igiñiz, Lagrangue, Bernard, Lopez, Gower eta Dourthe geratuko dira.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo