Liga Federala
Donibane Lohizunek azken aukera izango du
J.L. | BAIONA
Donibane Lohizunek heldu den urtean Pro2 Mailan jokatu nahi baldin badu, hori lortzeko azken aukera izango du bihar. Etxean, Oloruen aurka, 15.00etatik aurrera jokatuko den neurketa irabazi egin beharko du talde lapurtarrak; lortuz gero, hirugarren eta azken faserako sailkatuko dira, bestela, hor amaituko dute denboraldia.
Donibane Lohizunek dena bere esku dauka. Irabazten badu, aurrera egingo du. Galtzen badu, berriz, kanpoan geratuko da. Horregatik zuzendaritzak dei egin die zaleei pabilioi Urdinera joateko.
Jaitsiera fasean, dena erabakita dago. Maulek mailari eutsi egin dio, baina orain multzoko lehen postua nahi du. Horretarako bihar Chatenearauden zelaian irabazi beharko du. Nafarroak, aldiz, maila galduko du, baina ez du azkena izan nahi bere multzoan. Horretarako, ordea, Poitevinen zelaian irabazi egin behar du. Neurketok 15.00etan hasiko dira.