«Emakumeen zauriak» salatzen ditu «Etxean uso, kalean otso» ikuskizunak
Donostiako Giza Eskubideen VI. Zinemaldiaren barruan, eta Donostiako Udalak bultzatuta, «Etxean uso, kalean otso» ikuskizuna prestatu dute. Zuzendaria Aizpea Goenaga da, eta interpretea, aldiz, Emma Larreta. Emakumeen kontrako indarkeria salatzen du lanak eta horretarako sei emakumeen testigantzak, dantza, musika eta eztabaida bildu dituzte. Emanaldiak Victoria Eugeniako Klubean izango dira datorren asteazken, ostegun eta ostiralean.
Rebeka CALVO | DONOSTIA
Jipoituak, irainduak edo gutxietsiak direnen edo izan direnen sentipenak biltzen ditu «Kalean uso, etxean otso» ikuskizunak. «Emakumeen zauriak» ageri dira, hain zuzen, lan honetan. Donostian apirilaren 25a arte egiteten ari den Giza Eskubideen VI. Zinemaldiaren barruko ekimena da, gainera, ikuskizuna.
Ez da ohiko lana; ez da antzezlan hutsa, ezta ere dantza eta musika saio soila; ez da, besterik gabe, beren kontrako indarkeria pairatu duten sei emakumeen testigantzen bilduma. Aipatu elementuak biltzen ditu, eta hori gutxi balitz, eztabaidarako gune ere bada.
Egitasmoa orain hamar bat hilabete sortu zen. Emma Larretak, ikuskizuneko interprete bakarrak eta indarkeria ere pairatu duenak, Donostiako Udaleko Berdintasun Sailera jo zuen ideia honekin eta orduan hasi zen Udala lanean.
«Emmarekin hitz egin eta gero, gazteek emakumeen kontrako indarkeria eta irainak normaltzat hartzen dituztela ikusi genuen, eta horregatik sortu dugu proiektu hau», azaldu zuen Donostiako Udaleko Hizkuntza Normalizazio, Berdintasun eta Lankidetzako zinegotzi ordezkari Ainhoa Beolak. «Indarkeria matxista guztiak gaitzetsi behar ditugu», gaineratu zuen.
«Kalean uso, etxean otso» indarkeria pairatu duten sei emakumeen testigantzak jasotzen dituen bideo batekin hasten da. Ondoren, dantza eta Iñaki Salvador pianistak konposatutako musika uztartzen dituen emanaldia eskaintzen du Larretak. «Pentsarazi egin nahi dugu lanarekin, sentsibilizatu, nolabait ere. Askotan normaltzat jotzen ditugunak ez dira horren normalak. Indarkeria ez da ohiko egoera bat, eta horixe utzi behar dugu argi», esan zuen Larretak.
Gutxi gorabehera 30 minutu irauten ditu ikuskizunak eta Aizpea Goenagak zuzendutako lana da. Larreta eta Goenagarekin batera, hala ere, jende gehiagok lagundu du: Lidia Montesinosek, irudiekin; Ana Mari Sanchez psikologoak, aholkuekin; Arantxa Gilek, jantziekin; Ana Remirok, koreografiarekin...
Donostiako Udaleko Berdintasun Sailak, gainera, kaleratu egingo du aipatu sei emakumeen testigantzak biltzen dituen DVD bat.
Victoria Eugenia Antzokiko Klubean izango dira emanaldi guztiak, doan. Ikuskizunaren ondotik, gainera, ikusleekin eztabaidatzeko gunea sortu nahi dute.
«Kalean uso, etxean otso» ikuskizunak batez ere, gazteak kontzientziatu nahi ditu. Izan ere, gazteek askotan normaltzat jotzen dituzte emakumeen kontrako indarkeria kasuak. «Egoera hau ez da normala eta horren gainean pentsarazi nahi diegu», esan zuen Emma Larreta interpreteak. Hori dela eta, emanaldiak bitan banatu dituzte; goizeko emanaldiak ikasleentzako, eta arratsaldean gainerakoentzako. Horiek horrela, apirilaren 23 eta 24an 12.00etan ikasleentzako emanaldiak egongo dira, eta 18.00etan bestelakoentzako. Apirilaren 25ean, berriz, ikasleentzako emanaldiak bakarrik izango dira, 9.30etan eta 11.00etan. R.C.