Ibai Iztuetaren «Oro bare» poesia liburua kaleratu berri du Utriusque Vasconiaek
Poesia liburua dakar Ibai Iztuetak «Oro bare» izenburupean. 109 orrialdeko lana da Utriusque Vasconiae argitaletxearekin kaleratu duen hau. Zegaman 1997an sortua, Donostian bizi da egun gaztea.
Izaro AULESTIARTE | DONOSTIA
«Epatatzeko edo moderno edo postmoderno izateko ahaleginik batere egiten ez duen autorearen aurrean gaude, eta hau berez ere bada halako probokazio bat gaurko panorama literario euskaldunean. Hemen ez da halakorik aurkituko, ez dago poserik, beste zerbait da, haratago doala esango nuke. Eta hau niretzat berez sorpresa handia da edozein liburutan».
Hitzo horiek baliatu zituen Utriusque Vasconiae argitaletxeko Ur Apalategi editoreak Ibai Iztuetaren liburua aurkezteko. «Esan behar da ahots propioa daukan autore baten aurrean gaudela, lehen unetik. Beraz, hemen probokazioa aurkituko baldin baduzue ere -eta literaturak beti izan behar du probokazio, bestela ez bailegoke sorkuntzarik-, ez da betiko probokazioa, plastikopean datorren probokazio merkea. Oso bestelakoa da».
Bestetik, Apalategik aitortu zuen «Oro bare» lanak «zerbait» eragin diola: «Esango nuke, eta beharbada hau ere euskal poesian neurri batean gailendu den poesiaren aitzinean, hau ageri zaigula zenbait kasutan bortitza, eta ez da hain ohikoa halakoak aurkitzea».
Aurkezpen txartel horrekin plazaratu berri du Ibai Iztuetak (Zegama, 1977) bere poesia bilduma. Bertan, nahiko pertsonaia «xelebre» baten neurrira egokitzen den ahotsa irudikatzen saiatu da, besteak beste «bere gaitasun zein zailtasunak» ere islatuz. Alegia, esan zuen duela urte batzuk gidoigintza ikastaro batean parte hartu zuela, eta bertan film labur baterako gidoia idazteko baliatu zuten taldekako ariketa batean bezalaxe, liburu hau aurrera ateratzeko ere lehenbizi pertsonaia sortu zuela, «eta ondoren poemak».
Pertsonaia definituz
Hala, 28 bat urteko gizasemeari eman nahi izan dio ahotsa: 65 bat kilokoa, begi nabarrak, guraso probintzianoak dituen Donostiako euskaldun horietakoa, soldata finkorik gabea, klase gutxienez ertainekoa... Finean, «taldeko pertsonaia, bat gehiago izan daitekeen norbait». «Poemak ez dira edonola atera, ziurrenik ideia batzuek mugatu dute idazketa. Lehenengo pertsonaia zegoen, eta gero joan dira poemak. Egia esan, idatzi ahala ere, pixka bat eraldatu agian ez, baina pertsonaia definitu egiten da», esan eta segidan aitortu zuen pertsonaiaren bila oso urruti ere ez duela joan behar izan.
Bestetik, Iztuetaren ustez badaude bizitzan zenbait gauza «halako xarma sortu edo sentsibilitatea ikutzen dizutenak, txarrerako eta onerako». Eta, berari deigarri iruditzen zaizkion horiek, «ahal den argien» azaleratu nahi izan ditu; «baina hizkuntzan hainbeste oinarritu gabe, besteak beste, gai ez naizelako».
«Poema bakoitzak badu bere baitan nahiko independentzia, forma aldetik eta esaten duenari buruz ere. Baina, nik uste guztiek osotasun bat osatzen dutela, bata bestea aberastera edo osatzera datorrela», dio autoreak.
Liburuko atal nagusiak «Epikaren behi begiak», «Totel lirikoa» eta «Mistika hutsa, kaferik gabe» dira. «Ez azkarra, bai saiatua» izeneko azpiatal bat ere badu. Editoreak zera dio, ordea: «Iztuetaren poesia, eta autorea bera ere, azkarra bai, noski, baina `saiatua' ez da hitz egokia beharbada; lorpena dago hemen gehiago».