GARA > Idatzia > Kultura

Sabin Salaberri musikariak Manuel Lekuona saria jasoko du bihar Aramaion

Eusko Ikaskuntzak Sabin Salaberri egin du aurtengo Manuel Lekuona sariaren irabazle. Bihar jasoko du saria. Atzo, bestetik, haren biografiaren berri ematen duen liburua aurkeztu zuen Eusko Ikaskuntzak.

p049_f02_.jpg

Josune VELEZ DE MENDIZABAL | GASTEIZ

«Langilea, sentibera, konprometitua, bekoki zabalekoa, oztoporik jartzen ez duen laguna eta noiz eta zer esan behar den dakien pertsona». Hala deskribatu zuen atzo José Mari Velez de Mendizabalek Sabin Salaberri. Ondo ezagutzen du, adiskide du-eta. Horregatik, besteak beste, berak idatzi du biografia lana.

«Musika izan da betidanik bere leitmotiv-a», adierazi zuen liburuaren egileak. Salaberri Aramaion jaio zen 1934an eta Teologian lizentziatu zen gerora. Musikarekiko zaletasuna txikitatik datorkio. Izan ere, Tomas Etxabarrirekin pianoa jotzen ikasi zuen; harmonia, Julio Valdésekin eta Francisco Escuderorekin, konposizioa. Gasteizko Apaiztegiko Schola Cantorum abesbatzaren zuzendari izendatu zuten 1960. urtean, eta 1968tik, Arabako Abesbatzaren zuzendari ere bada. Arabako eta, ondorioz, Euskal Herriko, musika sormenari ekarpen handia egin izanagatik jasoko du biharko ekitaldian Salaberrik Eusko Ikaskuntzaren eskutik saria.

«Umea zenetik Sabinek bazekien musika izango zuela lagun. Bizitza erlijiosoa ere aukeratu zuen, eta ikasle zela, irakasle egin zen», nabarmendu zuen José Mari Velez de Mendizabalek. Irakasle izandakoa da, Jesus Guridi Musika Kontserbatorioan, hain zuzen, baita bertako zuzendaria ere. «Carmelo Bernaolak 1991ean utzi eta ordezkatzeko. Carmelok aldaketa nabaria eragin zion kontserbatorioari», gogoratu zuen atzo Salaberrik Gasteizen eskainitako agerraldian. Bere irakasle senari jarraituz, arabarra Luis Aranburu Udal Musika Eskolaren buru izan zen. Egun musikari ezaguna da Salaberri, eta besteak beste, Camerata Gasteiz taldearen gidaritzaren ardura du.

Umila eta etsairik gabekoa

Atzo jasotako laudorioak eskertu zituen, baina bere izate apalaren adierazle, hitz horiei nolabait garrantzia kentzen saiatu zen. «Adiskide moduan ikusten naute, ondorioz, halakoak esaten dituzte -aipatu zuen-. Nire meritu bakarra, egun zuzendari eta interprete handi diren horien irakasle izatea da, nahiz eta benetan pentsatzen dudan nire ikasle haiek bazituztela berezko dohainak».

Aramaion izatekoa da bihar Manuel Lekuona sariaren banaketa ekitaldia. Bertan, besteak beste, Arabako diputatu nagusi Xabier Agirre, Eusko Ikaskuntzako presidente Xabier Retegi eta Aramaioko alkate Asier Agirre izango dira.

«Ohorea da Sabinen adiskide izatea. Ea inork aurki dezakeen Sabinen etsai bakar bat, horra hor apustua!», adierazi zuen sarituarekiko miresmena agertuz José Mari Velez de Mendizabalek.

EKITALDIA

Aramaion izango da bihar sari emate ekitaldia. Bertan, Bizente Goikoetxeak Sabin Salaberriren errepertorioko pieza batzuk joko ditu. Sarituari buruzko ikus-entzunezkoa ere izango da ikusgai.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo