Gazteria, berriro ere, errepresioaren jomuga
Atzo goizaldean espainiar Poliziak Gipuzkoan egindako atxiloketek azken hilabeteetan behin eta berriz bizi izandakoaren sentsazioa sortzen dute, nahiko maiztasun erregularrean, ezaugarri berberak dituzten gertakariak baitira. «Kale borrokaren» kontrako operazio gisa modu arranditsuan aurkeztu, eta Barne ministro espainolaren beraren jendaurreko azalpenak tartean, gazteei leporatzeko sabotajeen zerrenda luzea azpimarratzen dute. Hala ere, hedabideen erabilera neurrigabea atxilotutako gazteen giza eskubideak urratu dituztela ohartarazten duten zantzuak ezkutatzeko ahaleginaren parekoa da. Izan ere, Gobernuak, epaileek eta Poliziak izan behar luketen lehen eginkizunarekiko, herritar ororen eskubideak -atxilotuenak barne- bermatzea, alegia, batere ardurarik ez dutela erakusten dute. Ministroak eta haren hitzak errepikatu zituzten hedabideek ez zuten hitz erdirik esan atzo Donostiako polizia-etxean entzundako oihuez, eta Donostia Ospitalera eraman behar izan zuten gazteaz, ezta ere miatu zituzten toki ugarietan egindako diru lapurretez eta bestelako kontu ilunez. Berriro ere, lekuko batek eta mediku txosten batek agertu behar izan dute agertu behar zutenek ezkutatu dutena.
Barne ministro espainolak antzeko sarekada egin zuen aurreko legegintzaldia amaitzean. Madrilgo Gobernua osatu eta astebetera, atzoko atxiloketak aurrekoen dinamikan kokatu zituen. Baina aurrekariek, gobernu horren apustu errepresiboa berresteko ez ezik, propagandaren eta errealitatearen arteko alde itzela sumatzeko ere balio dute. Hainbat gazte, epaile aurrean deklaratu ostean, ministroak zerrendatutako delituetatik bakar bat ere leporatu ez eta, hala ere, kartzelatu izan dituzte; areago, inongo delituren akusazio zehatzik izan gabe, Segiko kide izateko akusazioa aski baita espainiar legedi moldatu eta birmoldatuaren arabera.
Esanguratsua da apustu errepresibo horrek bere jomugan euskal herrialde guztietako gazteak jarri izana. Esanguratsua gizarteko sektorerik dinamiko eta eskuzabalena kikiltzen saiatzea.