Joxean Agirre Agirre Soziologoa
Amnistia: etorria eta emaria
Amnistiaren aldeko mugimenduaren aurkako epaiketaren bezperan, Joxean Agirrek mugimendu horren ikuspegi historiko eta sentimentala eman du. Agirrek azaldu duenez, «ilusioz betetako urte latz» horiek osatzen baitute «gure ondare biografiko nagusia».
Espainia asmatu berri horretan berriro ari dira egokitzen Auzitegi Nazionaleko ikuskizun harmailak. Bihar, hirugarrenez jarraian, pista bakarreko zirkoak funtzio berria aurkeztuko du, eta Erromako inperioan legez, lehoien hortzen alkantzura utziko dituzte hogeita zazpi euskal herritar. «Pasen y vean» izan zitekeen hitzaurrea, ikustekoa baita hurrengo asteetan antzeztuko den inkisizio batzaldia. Gregorio IX aita santuak jarri zuen abian Inkisizioa 1231n, heretikoak zigortzeko asmoarekin. Egun, edonor epaitzeko eta zigortzeko ahalmena duten inkisidoreek errepresalituekiko elkartasuna jarri dute jomugan, eta ustezko heretikoek beren ekintzak aitortu eta barkamena eska dezaten, auzibidea itxiko dute solemneki, aspaldi erabakita daukaten ebazpen gogorra jakitera emateko. Joxe Azurmendik esana duen modura, «bera nor izateko beste batzuk menpean eta zanpaturik behar dituen» inperio zahar baten txikizio tresna baino ez dira Espainiako epaitegiak, eta, oso bereziki, Auzitegi Nazionala.
Casa de Campo Austria eta Borboien ehiza kotoa izan zen mendetan zehar. Lehen Errepublikak Madrilgo herriari itzuli zion naturgune preziatu hura, baina gizaldi atzerakoi askotako estratifikazioak agindu izan balu bezala, parke publiko eder horretan eraiki zuten Espainiako inkisizio garaikidearen injustizia jauregia. Bertoko areto batean eseraraziko dituzte bihar amnistiaren aldeko mugimenduko kide izatea delitu bakar duten lagunak. Erdi Aroko gaztelar erara, Jainkoak erabakiko du arrazoia noren alde dagoen, zeruko jaun txit gorenak ez baitu zilegituko gezurraren garaipena. Kartzelaren itzal luzeak babestuko ditu diskurtso eta alegazio guztiak, esanak esan, denontzat prestatuta daude-eta ate morroiloduna eta izara lakarreko ohe estua.
Hogeita zazpi pertsona auzibidean, beste horrenbeste delitu nabarmen akusazioaren argudio-saskian: guztiak dira ETAkoak, helburu terroristak irrikatzen, bultzatzen, babesten eta bururatzen dituzte, «zuzenbide estatu» gizagaixoa apurtzeko asmo ezkuta ezina tartean. Kopla ezagunak ditugu horiek, eta doinua zein puntua bilur. Musika okagarria, horrenbestez.
Amnistiaren Aldeko Gestorak herrialdeka eratu ziren Hego Euskal Herrian, 1975eko lehen urte laurdenetik aurrera. Ayuda Patriótica Vasca eta Enbata mugimendua izan ziren beren aurrekari zuzena, gerraosteko presoak eta, geroxeago, lehen iheslariak babesteko euskal antolakundeak baitziren. Gerora, 1977ko indultoak ez zuen ase errepresaliatuen eta askatasun demokratikoen aldeko euskal galdapena, eta herrietan sustraitu ziren, mugimenduari forma zabala eta askotarikoa emanez. Aske izan nahi zuen herri baten adierazpide dinamiko bihurtu ziren Gestorak. Militantzia gunea, eskuzabal jokatzen zuen jendearentzako lan markoa. Etorria eta emaria.
Orduz geroztik, jardunean nabarmendu dira batik bat. Ez alferrikako hitzetan, ez eta -beste askok egindakoaren aurka- aitzakia erosoen dialektikan. Beren salatze ahaleginari esker ezagutu genuen, lehen unetik, Soriako kartzelan euskal preso politikoei emandako jipoi izugarria; Carabancheletik ekarri zituzten Joxe Arregiren azken oinaze hitzak; borrokatu zuten gerra zikina eta PSOEren etika galosoa ekarri zuten prentsa titularretara; Ertzaintzaren lapiko ustelari estalkia altxatu zioten; presoen, senitartekoen, iheslarien eta gainerako errepresaliatuen premiak estaltzen saiatu dira; Unai Romanoren zaurien argazkiarekin Espainiaren arima erakutsi ziguten; haietako asko komisaria, kartzela eta ospitaletik pasatu dira maiz, Karlos Saldisek eta Fernando Ros «Navarro»k bizia ere galdu zutelarik; eta nekaezinak izan dira gatazka gainditzeko balio izango duen konponbide justu eta demokratiko baten aldeko lanean. Humanitatea familia handi bat bada ere, estatuen errepresioak taigabe zauritu du euskal jendartea. Espainiak zein Frantziak deshumanizatu nahi izan dute geure arteko jende sektorerik dinamikoena, era horretan den-denok asimilatuko gintuztelakoan. Kare bizian lurperatu ere, behar izatekotan. Baina azken hamarkadetan salaketa eta elkartasuna izan dira errepresioaren bidaide. Eraso bakoitzari argia jarri eta herri baliabide guztiak eraginez, amnistiaren aldeko mugimenduak mozorroa kendu dio piztiari. Valle de los Caídos-eko harlauzaren azpian gorde ez zuten suntsitze aparatuak ez du Euskal Herrian legitimaziorik aurkitu herrietan ehundutako sare horren lan eskergari esker.
Gestorak, Etxerat, Askatasuna, Behatokia eta, halaber, bihar goizetik aurrera Madrilen epaituko dituzten lagunek, letra larriz bakarrik idatz daitezkeen hitzak dakarzkidate gogora: duintasuna, prestutasuna, bihotz zabaltasuna. Gure instituzio mendreek diruz eta urre-antzeko arrandiaz saritzen dituzten elkarte eta ilustre askok baino mila bider sutsuago jagon dute Euskal Herria, baina apala da ematen duten itzala. Banidaderik gabekoa. Dena dela, Espainiako Inkisizioak ezarri nahi dien uztarriak ez du ederretsiko beren lepoa. Epaiketa-fartsa horretan hartuko duten argia, argi bakarra menturaz, gu guztiona izango da. Defentsa eskubidea urratuta, zigortuko dituztela jadanik erabakita, beren burua defendatu beharrean, hogeita hamar urteotan egindako lanaren ezinbestekotasuna azpimarratuko dute, hori baita gure borreroen zorigaiztoko patua: Euskal Herrian bi aditz akuilu elkartzen ohi ditugula, ekin eta jarrai. Niretzako nago, hori dela hogeita zazpi militante hauen aldarria, salaketa eta elkartasunaren ekinbide kolektibo honetan herri-katea inoiz baino sendoagoa izan dadin beren konpromisoari jarraipena ematea.
Uztapide zenak zioen bertsoa ez dela berez sortzen, bertsolariaren etorria handia izanda ere. Bertsoa ekarri behar da, inspiraziotik haratago, ongi kostata eta nekez ekarri ere. Askatasuna ere herri afanaren emaitza izango da, eta ez gutxi batzuen konkista. Hortaz, amnistiaren aldeko mugimenduaren ekarpen nagusia ez da izan errepresioaren notario lana egin izana, elkartasunaren ardura herriaren esku uztea baizik. Herri erantzunaren emaria sakontzeko etorri handiz egin dute lan milaka pertsonak gure herri eta auzoetan. Astero ikusten ditugu baldea eta erratza eskuartean, enkarteladan, jai txosnetan, batzar eta manifetan. Lehen lerroko anonimotasuna moldatu dute, kontzeptu berri eta itxuraz kontraesankorra, amnistia ekartzeko, amnistia lortzeko.
Ilusioz betetako urte latzak ezagutu ditugu atzera begiratuta. Horiek dira, azken batean, gure ondare biografiko nagusia. Eta ibilbide osoa egin duten lagunak Auzitegi Nazionaleko jesarlekuetatik begietara ekartzen ditudanean, sekula belaunikatu ez den herri harroa dakusat, «Amnistia ez da negoziatzen, herria ari da lortzen» leloa asmatu zuena. Katea ez da etengo, beraz. Goian zerua eta alboetan lau hormatzarrek inguratuta bizitzera kondenatu nahi gaituztenek idatzi dute zigor-ebazpena, baina demokrazia eskuratzeari bizkarra ematen ez dion Euskal Herriak dauka azken hitza. Ukazioa eta errepresioa egon bitartean, Eduardo Chillidak sortu zuen amnistiaren aldeko sinboloak salatuko du estatuen bortizkeria. Zalantzarik ez, amnistia eta askatasuna behar ditugu guztiok, bakea eta normaltasuna hori baino ez baita.