Espioitza-eleberria plazaratu du Jose Inazio Basterretxeak
«Mandatariaren gerra» izenburua du Agustin Zubikarai nobela laburren iazko sariak, Elkarren eskutik argia ikusi berri duen eleberriak. 36ko gerrako pasadizo batean inspiratutako lana da Jose Inazio Basterretxea informazio zientzietako irakaslearena.
I.L. | BILBO
Erreportaje-sorta baten itxura du Jose Inazio Basterretxea Poloren (Galdakao, 1959) fikziozko lanak. Kazetari mexikar batek kontatuta iristen zaio irakurleari hogei urte lehenago Pirinio Zentralean gertatu zena.
Gerrako dokumentu zaharrak aztertzen ari zela, 1938an Bielsan bizi izandako pasadizo bat irakurri zuen, eta haren inguruko istorioa asmatu zuen. «Niretzat ezezaguna zen eta izugarria zela iruditu zitzaidan», aitortu du. Peña Blanca izeneko mendi-magal baten inguruetan kokatuta dago intrigazko eleberria.
Errepublikazale eta frankisten arteko enfrentamenduak jaso zituen agertokia aukeratu du idazleak trama lekutzeko. Tropa leialen 43. dibisioak erasoari eusten dion toki horretara isilpeko mandatari bat iritsiko da. Kondaira abiapuntua du nobelak, «baina ez du historia kontatzen», esan du idazleak.
«Nik kontatu dudan gerra honetan bonbak eklipsatu egin ditut; gizakiak biluztu, eta horiek atera ditut mahai gainera», jarraitu du. Gudan kokatua dago, «baina ez du gerra kontatzen». Josi Basterretxearen esanetan, «ekoizpen intelektual garrantzitsua da gerra: ez da bataila bat bakarrik, bere inguruan politika dago, filosofia, erlijioa, ekonomia, maitasuna». Osagai horiekin sortzen den arragoan zentratu du ``Mandatariaren gerra''.
Pirinioen alde batean zein bestean, interes politikoak, ekonomikoak eta maitasun-istorioren bat ere tartekatzen dira. Mandataria da protagonista, politikari eta enpresaria, gerraren norabidea aldatu ezin duena, baina ondorioak moldatu gura lituzkeena. Orrialdeak aurrera, mandatariaren transformazioaren lekuko izango da irakurlea.
Miren Agur Meabek, Kirmen Uribek eta Xabier Mendiguren Elizegik osatu zuten Agustin Zubikarai nobela laburren sariaren zazpigarren deialdiko epaimahaia.
Erreportaje sorta baten itxura du Jose Inazio Basterretxearen fikziozko lanak. Kazetari mexikar batek kontatuta iritsiko zaio irakurleari hogei urte lehenago Pirinio Zentralean gertatutakoa.
Errepublikazale eta frankisten arteko enfrentamenduak jaso zituen agertokia aukeratu du idazleak trama lekutzeko. Tropa leialen 43. dibisioak erasoari eusten dion tokira mandatari bat iritsiko da.