GARA > Idatzia > Jo puntua

Kirmen Uribe Idalzlea

Gutunak gordetzen dituen horietakoa

Amaren benetako lezioa. bizitzari buruzkoa zen. Amak barru-barruan bazuela kezka bat. Ez zuen ni bakarrik sentitzea nahi eta agintariei ere erakutsi nahi zien kartzelan zuten mutiko hartaz ez zirela ahazten kanpokoak

Gutunak gordetzen dituzten horietakoa naiz ni, nahiz eta azken boladan banaka batzuk baino ez jaso. Mezu elektronikoek hartu dute garai bateko karten lekua. Horiek bai jasotzen ditudala, dozenaka egunean. Eta, erantzun ere, halaxe erantzuten ditut, bat-batean, bigarrenean pentsatu gabe. Kartekin baina, bestela gertatzen zait, gehiago kostatzen zait haiek erantzutea. Egunak igarotzen ditut zer esan erabaki gabe. Karta sentibera dela iruditzen zait, eta idazten dudanean kontu handiarekin papereratzen ditut hitzok, norbaiti min egin nahi ez banio bezala

Gutunak gordetzen dituzten horietakoa naiz eta, beharbada, horrexegatik hasi nintzen begiratzen duela hamabi urte jaso nituen karta haiek. Ganbaran nituen gordeak kutxa batean, eta arratsalde batean, kutxa zabaldu eta eskutitzei begira jarri nintzen. Hamabi urte dagoeneko jaso nituela, kartzelan nengoela bidali zizkidaten eta. Derrigorrezko soldadutzara joan nahi ez eta intsumiso bilakatu nintzelako nengoen barruan. Bitxia da ikustea nork idatzi zizkidan karta haiek, eta idatzi zidatenetatik zeinen gutxi diren orain mezu elektronikoak maiz igortzen dizkidatenak. Bizitzak aldatu egiten ditu lagunak. Nahiz eta batzuen batzuk hortxe ondoan egon betiko. Gutun gehienak amarenak ziren. Amak egunero bidaltzen zidan karta bat kartzelara. Aitak ezin zuen ulertu hori, nola idatz zezakeen gutun bat egunero. Nik uste barrutik inbidia ere sortzen ziola kontuak, eta berak ere nahiko zuela nahikoa hitz aurkitu bere barruan egunero semeari zerbait idazteko. «Baina nondik ateratzen dituzu hitzak egunero zerbait idazteko?», galdetzen zion amari harrituta, «zer kontatzen diozu, bada?». Amak soilik esaten zion eguneroko kontuak kontatzen zizkidala, eta bizitza aurrera badoa beti dagoela zer kontatua. Konturatu gabe, ama lezio bat ematen ari zitzaidan literaturari buruz. Bizitzan jarri arreta eta beti izango duzu zer idatzia. Horixe lezioa. Baina benetako lezioa ez zen literaturari buruzkoa, bizitzari buruzkoa zen. Amak barru-barruan bazuela kezka bat, bazuela beldar bat, ni kartarik gabe geratzearena alegia. Funtzionarioa kartekin iristen zenean ni esku hutsik geratzearena. Ez zuen ni bakarrik sentitzea nahi, eta agintariei ere erakutsi nahi zien hor barruan zuten mutiko hartaz ez zirela ahazten kanpokoak.

Kartzelara sartu bezain laster aholkuak eman zizkidaten barruan nire aurretik zeuden presoek. Hau eta bestea esan zidaten. Baina inportanteenetako bat hauxe zen: kartzelako patioa. Eskutitzak siestako ordua eta gero banatzen zituzten, ziegak zabaltzen zituztenean patiora ateratzeko. Kartak jaso eta patrikaran gordetzea zen onena. Patioan eseri eta kartak irakurtzea ez zen bidezkoa. Nahiz eta desiratzen egon gutun-azalak zabaltzen hasteko. Aholkuaren zergatia garbia zen: preso batzuk ez dute sekula kartarik jasotzen, mindu egin lezake kartarik jaso ez duen hura. Kartak erakustea dirua erakustea bezain arriskutsu izan liteke kartzelan.

Beharbada kartzelan jasotako kartak baino indar gehiago ez duelako beste ezerk.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo