Julen MURGOITIO
Patata bero-beroa
Ikusi dituzu nire betaurrekoak? Eta Italiako komunistak? Baina non demontre sartu dira? Komunistak diot, betaurrekoenak ez dit ardura, momentuz. Ene, ene, Europako ezkerra: non hintzen eta non haizen! Are gehiago, zer haizen! Eskuinak behar duen ezkerra. Edo, hobeto esanda, eskuinaren eskerra. Ganora gabeko mundu hau erraietatik eraldatzeko unerik beharrezkoenean desagertu egin da Europako ezker klasikoa, lapikoa sutan jartzean probatzen den profezia harena beteaz. Orduko ezkerretik oraingo krisiak beren sakon-zabalean ulertuko dituen fundamentuzko ezkerra ezin eratorri daitekeen seinale. Ea modu egokian betetzen den ezkerrak hutsik utzitako orubea! Eta ez dadila gehiago eraikitzeko izan, mesedez! Tira, harira! Zein nuen haria baina? Bai, nire betaurrekoak! Horra Amerikako Estatu Batu haietan egin duten azkenetariko bat. Prentsan irakurria; bitan ere. Heriotzaren aurreneko egoitza duten korridoreko presoei injekzio hilgarriaz hiltzea zilegi dela deliberatu berri du hango Gorenak. Ene, ene! Gorena leku guztietan da berdina, gorrena. Korridoreko preso bik egindako helegiteari erantzun dio modu horretan Gorenak. Helegitean injekzio hilgarriak askotan heriotzaren aurreko minutu luze horietan aparteko mina eragiten duela salatzen zuten presook, hango konstituzioaren ez dakit nik zein zuzenketaren kontrakoa omen dena, eta minik gabeko heriotza duina eskatu ere. Bada, horra erantzuna! Gorenak dioenez, orain arte inongo korridoreko inork ez du frogatzerik izan injekzio hilgarriek mina eragiten dutela. Jakina! Hildako guztiei gertatzen zaie antzera, hil ostean ezin frogatu dezaketela azkeneko arnasaldietako oinazea zenbatekoa izan den. Eta ulertzekoa da, aukera ematen ez zaie-eta aukera ematen! Ez ote ziren Gorenekoak berak animatuko injekzioak osasuntsuak direla frogatzera? Tira, lapurrez nagoela, itsaslapurrak modan dira egunotan. Bilbora ere heldu dira baina, kostaz okertu eta, itsas museoan lapurtu beharrean, titaniokoan lapurtu dute. Errua Udalarena! Ez duela ondo seinaleztatzen! Hainbeste piper-poto balkoian! Laster petroliontziak abordatzen hasiko itsaslapurrok. Horra, patataren nazioarteko urtean gara! Modan da tuberkulua goi-bilerarik goi-bilera. Karbohidratoak, mineralak, bitaminak... goseteari aurre egiteko funtsezko. Bada ez, Bizkaiko Zornotzan ezetz, ez dutela hango erdiko plazan patata gura, inondik inora ere ez. Ulertu?