GARA > Idatzia > Euskal Herria

Naucler: «Ez eredugarria, baina beste autonomia eredu bat da Aland irletakoa»

Batasunak gonbidatuta, Elisabeth Naucler Aland uhartediko diputatuak hango autonomia eredua azaldu du Baionan. Gorabeherekin bada ere, Nazioen Elkarteen babespean jaio zen estatutua «onartua» da.

p023_f03.jpg

Arantxa MANTEROLA |

Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoaren geroa ziurtatzeko, autonomia «tarteko urrats egokitzat» du Batasunak. Ildo horretan, beste herrialdeetako etsenpluak ezagutarazteari ekin dio; hala, atzo, Elisabeth Naucler, Aland irletako diputatua, gonbidatu zuen Baionara.

Bere herrialdeko gorabeherak eta sistema politikoaren berri eman zuen lehenik, geroko azalpena argitze aldera. 6.500etik gora irla txikiz osatutako Aland uhartedia, Itsaso Baltikoan dago, Suedia eta Finlandia artean, eta, guztira, 26.700 biztanle ditu. 65 irlatan baino ez da bizi jendea, eta gehiena, (%40) Mariehamnen, uhartediko hiri bakarrean.

Atzera begirako oroimenak jaso dezakeen arte, suediera mintzatu izan dute beti alandiarrek eta hango kulturarekin antzekotasun handia dute. Bertako koroari lotua izan zen, 1809ko gerlaren ondorioz, Finlandiarekin batera, Errusiakoak eskuratu zuen arte. 1917ko iraultzarekin tsarraren inperioa gainbehera etorri zenean, Finlandiak errepublika aldarrikatu zuen eta, nahiz eta alandiar gehienak Suediarekin «berbatzea» (ñabardura bereziki nabarmendu zuen Nauclerrek) nahi izan zuen, azkenean Finlandiak bereganatu zituen haien gogoz kontra.

Finlandiari lotua

Gatazka nazioartekotu ostean, 1921ean Nazioen Elkarte sortu berrian hitzarmena adostu zuten eta, geroztik, Finlandiako eskualde autonomoa da. Hori bai, hark Suediako hizkuntza eta ohiturak bermatu behar dizkio. «Gurea, batik bat hizkuntzan eta kulturan oinarritutako autonomia da eta juridikoki oso babestuta gaude alde horretatik» esan zuen diputatu alandiarrak.

«Bestalde, eskumenak ez daude ordezkatuta, banatuta baizik», nabarmendu zuen. Kanpo harremanak, Justizia eta Zuzenbide Zibil eta Penala eta zergen bilketa ez ezik, gainerako gehienak ere Aland irletako Parlamentuaren esku daude. «Finlandiako gobernuaren ordezkaria den prefeta izendatzeko, aldez aurretik gure oniritzia behar da», adierazi zuen Nauclerrek, «munduan kasu bakarra ez bada, bakanetakoa» izango dela gaineratuta.

Europar Batasunean sartzeko ere onarpen berezkoa behar izan zuten, eta Aland irlen estatutu berezia espresuki jasoa dago EBko itunean. Horren lekuko, diputatuak bere pasaportea erakutsi zuen, «hiru mailak: EB, Finlandia, Aland» azalean argi adierazten dituena.

Alta, egun, Europako Konstituzio Ituna dela-eta, ez daude «oso konforme» bertan jarraitzearekin, eta Lisboako Ituna berretsiko ote duten edo ez zalantza dute: «Baina, oso zaila da guretzat bertatik irtetea, independentziaren bidea jorratzea bezala», aitortu zuen diputatuak, Suediarekin berbatzeko aldarrikapena 60ko hamarkadan «itzali» zela adierazita.

Aland uharteetako autonomia «eredugarria ez bada ere, beste eredu bat, funtzionatzen duena eta nazioartean errespetatutakoa» delakoan dago Naucler.

Hala eta guztiz ere, ez du uste autonomia «pribilegio bat» denik: «Pribilegioa hizkuntza gehiengoduna eta onartua izatea da; gainerakoa, konpentsatzioa besterik ez da» esan zuen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo