GARA > Idatzia > Euskal Herria

X. urteurrenaren kariaz, ekitaldi nagusia abenduan BECen egingo du Kontseiluak

Hamar urte hauek «oparoak» izan diren arren, euskarak urrats berrien beharra duela nabarmendu zuen Kontseiluak atzo egindako batzarrean. Euskaraz Bai ekimenaren zabaltze-lanari laster ekingo diola iragarri du.

p025_f02.jpg

Arantxa MANTEROLA |

Urteko ohiko batzarrean, 2007 urtean izandako jardunaren balantzeari ez ezik, azken hamar urteetako ibilbideari ere erreparatu zioten, atzo Bidarten, Kontseiluko kideek. Bertan iragarri zutenez, urteurreneko ekimenei amaiera emateko, ekitaldi nagusia antolatzen ari dira. Barakaldoko BECen izango da ekitaldi nagusia, abenduaren 13an.

Izan ere, hamarkada bat joan da euskararen normalizazioa helburu duen erakundearen bilgunea abian jarri zenetik. «Urte oparoak» izan dira Xabier Mendiguren idazkari nagusiaren esanetan: «Gauza asko egin ditugu. Euskal Herriko 122 herritan ari gara lanean eta 1.500 enpresa eta erakundek egin dute bere Bai Euskarari ziurtagiria. Gainera, hizkuntza eskubideez, herritarren kontzientziazioa areagotzea lortu da».

«Euskarari Bai» adierazpena

Lorpen horiek aski ez direla-eta, urrats berriak egiteko premia nabarmendu zuen Mendigurenek: «Aldekotasunaz gain, euskarak erabiltzea behar du. Horregatik, aurreko `Bai Euskarari' leloa baztertu gabe `Euskaraz Bai' gizarteratzeari ekingo diogu», iragarri zuen.

Leloaren atzean dagoen mamia azaltzeko eta, hura, «errealitate bihurtzeko», Euskararen Gizarte Erakundeek adierazpena osatu dutela gaineratu zuen Mikel Arrizabala lehendakariak.

Oinarrizko lau ildo proposatzen ditu aipatutako agiriak: lehenik, euskararen berreskurapenerako prozesua ahalik eta gehien azkartzea, hots, euskara ez dakitenek ikastea eta bere erabilera esparru eta eremu berrietan zabaltzea.

Bigarrenik, funtzio sozial guztiak euskaraz garatu ahal izateko aukerak lehenbailehen erdiestea, euskara normaltzeko benetako urratsak horrela egingo direlakoan.

Hirugarrenik, euskara lehentasunezko hizkuntza bilakatzea, eta, hala, euskaldunen eta biztanle guztien hizkuntza eskubideen bermea ziurtatu; azkenik helburu horiek guztiak gauzatzeko, lan soziala eta politiko-instituzionala bideratu, hori bai, guzti-guztiek «lankidetzan eta norabide berean jardunez, euskararen geroa eta Euskal Herri euskalduna ziurtatzeko».

Oraingoan, kirolariak

Dagoeneko Euskaraz Bai ekimena hasia da bidea egiten. Kontseiluaren sortzaileen babesa jaso ostean, hurrengoak kirola- riak izango dira. Apirilaren 29an, hain zuzen, Osasuna futbol-taldearen zelaian dute hitzordua beren atxikimendua erakusteko. Arrizabalagak gogora ekarri zuen herritarrek ere www.kontseilua.org webgunean izango dutela beren elkartasuna adierazteko aukera.

Bestalde, hamar urte hauetako ibilbidea jasotzen duen erakusketa ibiltari eta interaktibo baten (hurrengo egunetan aurkeztuko dute ekimena) berri eman zuen; eta, atzotik aurrera Iberba, lan-munduan espezializatutako euskara zerbitzua, Kontseiluaren kide bilakatu dela eman zuen jakitera. Horrekin, egun, 47 partaide ditu.

122 herri

Egun 122 herritan ari da lanean Kontseilua. 1.500 enpresa, entitate eta erakundek baino gehiagok hartu dute euskararen aldeko konpromisoa. Erantzukizun horren adierazle da `Bai Euskarari' ziurtagiria .

47 ERAGILE

Atzo kide berri bat sartu zen Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluan: Iberba, lan munduan espezializatutako euskara zerbitzua. Horrekin 47 partaide izango ditu.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo