Europako Errekopa
Bidebietan ez da talde garaiezinik
Bera Berak partida bikaina jokatu du Brasov indartsuaren aurka eta gol bateko aldea defendatuko du datorren asteburuan Errumanian
Asier AIESTARAN | DONOSTIA
Akaba Bera Berak gol bateko errentarekin egingo dio bisita Rulmentul Brasov talde errumaniarrari Errekopako finalerdia erabakiko duen partidan. Reyes Carrerek zuzentzen duen taldeak norgehiagoka bikaina osatu zuen atzo eta, azkenean, 28 eta 27 nagusitu zen Bidebietako markagailuan. Bigarren zatia ikusita, talde donostiarrak izan zuen alde handixeagoa lortzeko aukera, baina orain artean denboraldi osoan partida bakar bat ere galdu gabe egondako taldeari belauna lurrean jarraraztea benetan kontuan hartzekoa da. Izan ere, partidaren bezperan oso argi azaldu zuen Carrerek: «emaitza edozein izanik ere, irabaztea guretzat interesgarria izango da». Esan eta egin.
Oro har, Akabak neurketa biribila jokatu zuela esan daiteke. Lehen zatian, donostiarren defentsak arazo handiak izan zituen Neagu eta Wooren erasoko jokoa gelditzeko. Errumaniarrek baloia oso azkar mugitzen zuten, ia beti lortzen zuten hegaletan jokaldia 6 metrotan bukatzea, eta horretan arazoren bat izanez gero, 9 metrotatik Neaguren jaurtiketak iristen ziren.
Baina atsedenaldian emaitza 12 eta 14koa bazen ere, Akabak partida irabazteko aukerak bazituela ikusi zuten Bidebietako jarraitzaileek. Gipuzkoarren lehen bost minutuak, markagailuan 4 eta 1 aurreratuz eta Bouveret atezainaren lan ona -jaurtiketen %46 gelditu zuen-, oinarri ona zen bigarren zatian emaitzari buelta emateko. Are eta gehiago, epaileen erabakiak, aldekoak behintzat ez zirela kontuan hartuta.
Eta Akabaren minutu onenak bigarren zatian iritsi ziren. Donostiarrek defentsan askoz ere gogorrago jokatu zuten, 9 metroko jaurtiketak askoz hobeto oztopatuz, eta erasoan partidari sartu zioten erritmoak min ikaragarria egin zion Rulmentul Brasov talde errumaniarrari.
Erasoa Yolanda San Romanek gidatu behar izan zuen lehen jokaldietan, Patri Pinedo min hartuta zegoelako, baina taldeak bikain erantzun zuen. Zulai Agirrek 6 metrotako marran egindako borroka baliatuz, ia eraso guztiak 7 metroko jaurtiketetan edota baloia sareetan sartuta amaitzen ziren. Alde horretatik, arazo nagusia Akabak segidan huts egindako hiru penaltiak eta Spirova atezainaren lan bikaina izan ziren.
Neurketa nahiko berdinduta egon zen 19. goleraino, eta orduan iritsi zen euskaldunen txanparik onena. Patri Pinedok sartutako hiru golen eskutik, Akaba 24 eta 21 aurreratu zen 10 minuturen faltan, eta kanporaketan oso bideratutako aukerak izan zituen Bera Berak une horretan. Gozokia oso gertu ikusi zuten ordea, eta azken minutuetan urduritasunak sortzen dituen akats horietako batzuk egin zituzten.
Azkenean, beraz, 28 eta 27 Akaba garaile eta gol bateko aldea defendatu behar Errumanian. Hori datorren larunbatean izango da Brasoven, Transilvaniako hiriburuan, eta donostiarrek argi erakutsi dute mundu honetan, oraingoz, talde gaindiezinik ez dagoela.
28
27
Lehen zatian nahiko lan eskasa egin ondoren, bigarren zatian askoz ere zorrotzago jokatu zuten Hansen eta Pettersen epaile norvegiarrek. Brasoven defentsak nabarmen nozitu zuen aldaketa hori.
Etengabeko berdinketen ostean, Akabak hiru goleko aldea hartu zuen 24 eta 21 aurreratuta, baina azken minutuetan hiruzpalau akats egin, eta lehia oso irekita geratu zen datorren asteko itzulerarako.
Itxakok gaur ekingo dio EHF Kopako finalerdiei Dunaferr Hungariako taldearen kantxan (17.30). Nafarrek 13 jokalarirekin egin dute bidaia, Nerea Penak Europako lehiaketan ezin baitu jokatu eta Naiara Egozkuek tripako minez segitzen du. Gainera, Deonise Fachinello eta Alina Jula zalantza dira. Partida zaila izango dute Ambros Martinen neskek, Dunaferr talde indartsua delako: 95ean Errekopa irabazi zuen, 98an EHF Kopa eta 99an Txapeldunen Liga. «Lehen lerro indartsua dute, eta azkar irteten dira erasora. Guretzat saria da hona iristea eta hori baliatu behar dugu», dio Ambrosek.
A. AIESTARAN