Antzinako Egiptoren «magia eta misterioa» iritsi dira Artelan Berreginen Museora
GARA | BILBO
Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailaren menpe dagoen Bilboko Artelan Berreginen Museoan «Egipto. Misterioa eta Historia» izenburuko erakusketa izango da ikusgai maiatzaren 15a arte. Horus Tailerraren eskutik dator erakusketa, eta historiako zibilizaziorik aspaldikoenetako eta enigmatikoenetako baten arkeologi aurkikuntza nagusiak bertatik bertara ezagutzeko aukera eskainiko die bisitariei.
Besteren artean, Rosetta harriaren xehetasunak ikusteko aukera izango dute bertan. Berebiziko garrantzia du Londreseko Britainiar Museoan dagoen hilarri honek, berari esker argitu baitziren antzinako Egiptoko hieroglifikoak XIX. mende hasieraz geroztik.
Horrekin batera, esfinge baten eta piramidoi baten tamaina errealeko kopia zirraragarriak ere badaude. Era honetako piezekin amaitzen zituzten piramide eta obelisko eraikuntzak, eta zerua eta lurraren arteko batasunaren sinbolo ziren heinean, Ra eguzkiaren jainkoaren egonlekua zirelako ustea dago.
Erakusketa osatzen duten piezek Egiptoko historia eta artearen aro desberdinak errepasatzeaz gain, zibilizazio honen eguneroko bizimoduaren alderdiak ezagutzeko aukera eskainiko dute. Bertan ikusi ahal izango dira faraioen bustoak eta jainko-jainkosei eskainitako tenpluetako kapitelak -Hathor jainkosaren burua landuta daukana, kasu-, baita mitologiako eta jauregi-giroko irudiak -Isis eta Nefertarirenak, adibidez- eta hileta-erritualetarako erabiltzen zituzten kanope edalontziak ere.
Horus Tailerraren ekimena
Horus Tailerra osatzen duten artista eta ikasle gazteek antzinako kultura desberdinetako arkeologia aurkikuntza ugariren kopia zehatzak landu dituzte 1989az geroztik. Beren bildumak 400 pieza baino gehiago ditu, eta bertan, garai bateko zibilizazioetako artelan ikusgarrien kopiak daude; jatorrizkoak mundu osoko museo garrantzitsuenetan zehar sakabanatuta daude.
«Ekimen honen bidez, Museoak tinkotu egin du bere alderdi pedagogiko eta kulturala, egun kokatuta dagoen Bilbo Zaharra auzoaren garrantzi handiko eragile sozio-kultural bihurtzen duten jarduera eta gertaerak antolatuz», arduradunek adierazi dutenez.
Erakusketa: «Egipto. Misterioa eta historia». Lekua: Artelan Berreginen Museoa. Data: Maiatzaren 15a arte.
Ordutegia: Asteartetik larunbatera: 10.00-13.30/16.00-20.00. Igandeetan: 10.00-14.00. (Astelehen eta jaiegunetan, itxita).