GARA > Idatzia > Kolaborazioak

Ane Auzmendi Ezker Abertzalea taldeko legebiltzarkidea

Ibarretxe eta berdintasunaren aldeko propaganda

Berdintasunaren Legea, aurreko legealdian onartu zen, orain dela hiru urte, baina Legean jaso diren hainbat neurri oraindik ez ditu garatu Ibarretxeren Gobernuak

Pasa den asteazkenean ikusi ahal izan genuen Ibarretxe jauna, gizon-emakumeen berdintasunaren aldeko ekimen bat aurkezten. Ibarretxek, gizonak berdintasunaren alde emakumeekin elkarlanean aritzeko nahia adierazi du. Haren esanetan inongo gizartek ezin du esan demokratikoa denik benetako berdintasunik gabe eta emakumeenganako indarkeria arazoa ez da konponduko berdintasun hori lortu ezean.

Hori horrela izanda, berak zuzentzen duen Gobernuak garatu beharreko Berdintasunaren Legea aztertuko dugu, baita ere Gobernuko hainbat sailek berdintasunaren alde egiten dutena.

Berdintasunaren Legea aurreko legealdian onartu zen, orain dela hiru urte, baina Legean jaso diren hainbat neurri oraindik ez ditu garatu Ibarretxeren Gobernuak, hala nola banandutako emakumeei pentsioa ziurtatzea, gizonak ez baldin badie behar duena ematen, eta alarguntasun pentsio apalak dituztenentzako osagarriak eratzea, legearen 45. artikuluan jartzen duen bezala.

Halaber, legearen arabera, proposatzen den edozein lege proiektuk generoaren eragina neurtzen duen txostena izan behar du, baina gehienetan ez da halakorik egiten. Estatistika guztietan, adibidez, zifrak generoaren arabera ezberdindu behar dira, baina EUSTATen azterketetan ez dute hori egiten.

Kontuan izan behar da, halaber, Administrazioko langileek askotan salatu dutela gizon eta emakumeen arteko berdintasun eza, lanean aritzeko eta promozionatzeko. Lan munduan, gizon eta emakumeen baldintzak eta soldatak ez dira berdinak eta Jaurlaritzak ez du neurririk hartzen berdintasuna lor dadin.

Gobernuko sail bakoitzak berdintasun unitateak sortu behar ditu, beharrezkoak dituen aurrekontu eta baliabideekin (Legea onartu eta urtebeteko epean). Non eta nola daude berdintasun unitate horiek? Urtean zehar ekintza ezberdinak jorratu behar dituzte, baina Emakunderen urteko txostenetan ez da halako informaziorik azaltzen, sailak ez dituelako neurriak garatu. Hala ere, Emakundek berak ere ez die inongo azalpenik eskatzen, eta ez du neurririk hartzen errealitate horren aurrean.

Ahaztu gabe Alardean gertatzen dena, hori baita emakumeok bizi dugun diskriminazioren adibideetako bat, eta hemen Ibarretxe jaunak (eta bere alderdiak) ardura handia du. EAJk gobernatzen duen Udalak ez du bermatzen emakumeen eskubidea, gizonak bezala herriko ekimen eta ospakizun guztietan parte hartzeko. Ez du legea betetzen eta betearazten, beste kasu batzuetan egiten duen bezala.

Hori da Ibarretxeren berdintasunaren aldeko praktika. Lehendakariaren hitzak ez datoz bat errealitatearekin, haren gobernuaren jarduerarekin. Diskurtsotik harago, lehendakariak berak izan behar du eredu, arlo eta maila guztietan berdintasunaren aldeko neurriak garatzen eta abian jartzen direla bermatuz, eta Berdintasunaren Legea betearaziz.

Horretaz gain, emakumeak lehen mailako herritarrak izateko eskubidea dugu gizarte honetan eta berdintasun erreal hori lortzeko beharrezkoa da egiturazko aldaketa bat. Bide horretan egiteko asko daukagu oraindik, batzuk aipatzearren, ondokoak: lan munduan, aukerak eta baldintzak (soldata barne) berdinak izatea; eremu pribatuan, egindako zaintza lanak behar bezala baloratzea eta egoera psikoafektiboenganako ardura banatzea eta partekatzea; maila soziopolitikoan, parte-hartze parekatua bermatzea kuantitatiboki eta kualitatiboki, eta jai eta ospakizun ezberdinetan parte hartzeko aukera ahalbidetzea eta bermatzea.

Hala ere, emakumeok argi izan behar dugu guk geuk gidatutako ibilbidearen eta guk sortutako tresnen ondorioz lortuko dugula berdintasun errealean oinarritutako gizarte demokratikoa. Noski, gurekin ibilbide hau aurrera eraman nahi duen orori ateak irekiz.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo