GARA > Idatzia > Zorroztarria

Julen MURGOITIO

Mozio.com, konmozioa

26_sol.jpg

Hau bizipoza! Bazen garaia, demontre! Ez ote zaizu inoiz gertatu gauza bat burutu nahi bai baina egunak joan eta egunak etorri uzten zoazela, ez duzula inoiz betarik topatzen, aurkitzen ere ez, burutu nahi duzun hori burutzeko? Eta denbora aurrera doa, eta zure nahi horrek bere horretan dirau, burutu barik. Ez al zaizu horrelakorik gertatu? Bada, niri bai, maiz. Baina horra hor lehengo egunean, derrepentean, ezuste hutsean, pentsatu gabe artaziak hartu eta dzast! behatzetako atzazalak mozteari heldu nion. Azkenean! Eta moztea lortu ere, kostatuta, batzuk azazkalak baino apoak ziren eta! Politikan dabiltzan hainbat putrek nahi izango lukete horrelako hatzaparrak izatea! Tira, harira! beheko azazkalak mozten ditudan bakoitzean beheko gobernuak hemen duen ordezkaria etortzen zait burura, eta ez dakit zergatik, berdin-berdin gertatu zitzaidan azazkalak moztu nituen aurrekoan; gogoan dut, 2006ko udan izan zen. Bada hori, zama handia kendu dut gainetik azkenean! Zortziehun bat gramo inguru, zati bat tolestu behar izan dut zakarrontzira bota ahal izateko.

Arintze horrek gorputzadarren mugikortasun askea bermatuta hain izan da handia nire barne poza non internetera sartzeko izpiritu-lasaitasuna ere eman didan. «Mozio.com» horretan sartu naiz, eta batzuk konmozioak jota daudela begitandu zait, etika, botika legez, asko eta askotarikoa den seinale. Etika kontrajarriak ere izan badira, denak etika izanda ere. Horra torturaren berri zaharra. Zer esango etikaren etikoek? Atxilotu batek bere eskumuturreko zainei haginka ekiten badie hori FAOren arazoa dela esango ote? Munduan gosete handia dela akaso? Bioerregaien ondorioa beharbada? Etika zaharra, etika zatarra. Eta horra beheko estatuan errege mago baten izeneko politika batek, ezkerra batuarena edo, mozio-gune den udaletxeko bere orbitako zinegotzien kontra egin duela «muskuilu baten sentsibilitatea» dutela argudiatuz, hori argudioa balitz. Segituan sartu naiz «muskuilu.com» atalean, espezie horren sentsibilitateaz jakin minean. Eta mundu zabala aurkitu dut hor, ezkerreko hankabiko askok sekula, santa izanik ere, izango ez duten sentsibilitatea; eta etika. Itxuraz, errege magoen izenekoek, politikari zein epaile, jaiotzez dute etikaren sor-marka. Edo ordenagailuaren zuzentzaileak zuzendu berri didanez, zor-marka izango ote da horiena?

Tira, azazkalak behintzat moztu ditut.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo