GARA > Idatzia > Kultura

KRONIKA | Aurreemanldia

Trago bat Portu Zaharrean, «Un poco de chocolate» eta lagun giroa eguna biribiltzeko

Trufa eskukada bat bezain gozo suertatu zitzaion Aitzol Aramaiori «un poco de chocolate»ren aurreemanaldia. Algortan, alfonbra gorri eta guzti egin zioten harrera eta txalo zaparrada ozen bat oparitu zioten Getxo Antzokiko emanaldia amaitu orduko.

p055_f01_199x084.jpg

Izaskun LABEAGA

«Bizitzaren gauza txarrak lo utzi behar dira eta onak loratzen». Behin andre batek emandako gomendioa gogoan omen du zinemagileak eta, iragan udan, bere lehen filme luzea filmatzen ari zenean, Portu Zaharreko bizilagunekin hasi zuen adiskidetasunari eutsi dio. «Euskaraz esango dut -erantzun zion saioaren aurkezleari, orduan bizitakoagatik galdetu zionean-: bertokoak bagina bezala hartu gintuzten; bertoko izaera sentitu behar genuen, eta sentiarazi egin ziguten». Aitortza bat ere egin zuen: «Ia negar egin dut, Getxo Antzokira etorri aurretik, Portu Zaharrean trago bat hartzen izan naizenean».

Luisa Matienzo ekoizlea ere izan zen aurreemanaldia babesten eta, bera bezala, filmako hainbat aktore: Mikel Albisu, Iñake Irastorza, Ainere Tolosa, eta Ana Elordi. Harriduraz hartu zituzten Tolosak eta Elordik dantzarien bidea, alfonbra gorria, txalapartariak eta bildutako jendetza. «Hau guztia gurekin zerikusirik ez duen festaren batena izango zela uste izan dugu», aipatu zuten.

Antzezle nagusiak falta

Tamalez, huts egin zuten antzezle nagusiek: Héctor Alterio, Julieta Serrano, Daniel Brühl eta Barbara Goenagak. Alterio ia denen ahotan izan zen. ``Un poco de chocolate''ren lan taldeak «lagun eta irakasle» izan du aktore argentinar handia, Aitzol Aramaiok gogora ekarri zuenez.

Alderdi politiko desberdinetako ordezkariak joan ziren Portu Zaharrean filmatutako lana ikustera. Aramaiok bere lana euskaratzeko asmoa du, eta Getxoko alkate Imanol Landak publikoki eskaini zion proiektuarekin aurrera egiteko laguntza.

Proiekzioan zehar, irribarreak entzun ziren etengabe, batzuk emozionatu ziren, eta, bukaeran, txalo zaparrada entzun zen. Argiak piztu zirenean, zinemagilearen aurpegi hunkituarengana joan ziren begirada guztiak. «Niretzako handia izan da», izan ziren bere berbak. Oraindik badu aste gogor bat aurretik. Izan ere, Madrilen aurkeztuko da ``Un poco de chocolate'' astelehen eta asteartean, eta asteazkenean zinema aretoetara iritsiko da.

Sarrerarekin batera, trago bat hartzeko gonbidapena ere izan zuten ikusleek. Hala, inguruko tabernetan jarraitu zuen festak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo