Berezkoen Binakakoa
Sorhuet eta Ezkurra Moderneko finalean izango dira
Bikote lapurtarra zen garaipena lortzeko faboritoa, baina horretarako sekulako lana egin behar izan zuten, Idiartek eta Waltarik ere norgehiagoka handia jokatu baitzuten Olorueko trinketean
SORHUET-EZKURRA
Jon LEUNDA | OLORUE
Ikusmin handia zegoen Oloroen Binakako lehen finalerdia ikusteko. Ez zen harritzekoa, gutxitan izaten baitute Bearnon trinketeko esku pilotako pilotari profesionalak ikusteko aukera, eta partida, gainera, oso erakargarria zen. Seguruenik ere, bertaratutako inor ez zen damutuko, sekulako ikuskizuna ikusi ahal izan baitzuten.
Sorhuet eta Ezkurra ziren finala jokatzeko faboritoak, eta ez zuten hutsik egin, baina horretarako lan asko egin behar izan zuten, baita oso ongi jokatu ere. Idiartek eta Waltarik irabazi ez bazuten ere, oso norgehiagoka ona egin zuten.
Txapelketako partidarik ederrena ikusi ahal izan zen Bearnoko lurretan; izan ere, lau pilotariek oso maila handiko jokoa egin zuten, batez ere, bi atzelariek. Waltarik eta Ezkurrak sekulako lana egin zuten, errestoan bikain ibili ziren, eta oso pilota gaiztoak eraman zituzten.
Neurketa hasieran Idiart eta Waltari nagusi izan ziren. Denean asmatzen zuten, eta Sorhuet eta Ezkurra ezinean ibili ziren lehen kintzeetan. Kubatarrak, gainera min egiten zuen erdian uzten zizkioten pilotekin, eta, hala, 14-8 aitzineratu ziren.
Bikote lapurtarra, ordea, hortik aurrera erabat suspertu zen. Huts gutxi egin zituzten, eta nagusitzen hasi ziren 15-15 berdindu zutenean, izan ere, ondoren aurrea hartu zuten markagailuan. Alde handirik ateratzea behin ere ez zuten lortu, ordea.
Nolanahi ere, Pausoakoa eta Urruñakoa ibili ziren aitzinetik, nahiz eta 23-23 berdinduta ere egon ziren. Idiartek eta Waltarik ez zuten etsi, eta, hala, 33-33 adostuta egon ostean, aurrea hartu zuten berriro, 36-34 jartzeko. Gero, beste berdinketa bat; izan ere, orekatuta zegoen bai markagailua, bai jokoa. Berdindu egin zuten berriro (37-37) eta jokaldi erabakigarri bat izan zen hor. Idiartek eta Waltarik tanto gogor bat erabat menperatuta zuten, eta amaitzea bakarrik falta zitzaienean, elkar gaizki ulertu, eta aurkariei oparitu zieten kintzea. Tantoa urdinentzat izan zen, eta horiek ez zieten gehiagorako aukerarik eman.
Finalerdia, Armendarizen
Bigarren finalerdia gaur jokatuko da Armendarizen, 17.00etatik aurrera. Ibarrola eta Ozafrain Larretxearen eta Etxetoren aurka neurtuko dira. Norgehiagoka estua iragarri da, batak zein besteak irabaz lezakeen horietakoa. Jokatutako bi partidak irabazita heldu da Larretxea-Etxeto bikotea finalerdi honetara; aurkariak, aldiz, bata irabazi eta bestea galduta. Datorren igandean jokatuko da finala, Modernen. Sorhuet-Ezkurra han izango da, eta horien aurkarien izena zein den Armendarizen argituko da.