GARA > Idatzia > Kultura

KRONIKA | Mahai-ingurua

Bertsolaritzatik ere eremu berriak esploratzera abiatu dira emakumeak

Maialen Lujanbio, Onintza Enbeita, Unai Muñoa eta Jon Maia aritu ziren atzo, Estitxu Eizagirreren esanetara, Donostiako Lugaritz kultur etxean. Ohi dutenaren kontra, bertsotan beharrean, hitz lauz aritu ziren, hitzordua ez zelako saio batean parte hartzeko, mahai-inguru batean parte hartzeko baizik. Jorratu beharreko gaia, berriz, «Generoa eta bertsolaritza» izan zen.

p057_f01_148x096.jpg

Martin ANSO

«Orain dela 30 edo 40 urte, ‘Generoa bertsolaritzan’ gaia jarri izan baligute, seguru asko, txuletei buruz ariko ginateke; alegia, bertso afarietan-eta zein jenero-klase jartzen zuten, txuleta zaharrarena edo gaztearena», bota zuen, txantxa moduan, Jon Maiak. Azkenaldion, baina, gero eta emakume gehiago dago bertsolaritzan, bai eskoletan, bai plazetan. «Horrek sortu du –esan zuen Maialen Lujanbiok– gure artean eztabaidatzeko edo, behintzat, gogoeta egiteko beharra, guretzat, emakumeontzat, behintzat, hil ala bizikoa dena. Izan ere, gizarteak sexu bakoitzari markatzen dizkion rolak presente daude etengabe bertsolaritzan».

Behar horren isla izan zen atzoko mahai-ingurua, bertsoa.comek eta “Argia”k antolatu zutena. Bertan, mahaikideek ez ezik, publikoan zeuden beste bertsolari batzuek ere –Amaia Agirrek, Uxue Alberdik edota Jexux Mari Irazuk– luze eta sakon hitz egin zuten, gehienbat emakumeen presentzia bertsolaritzan murrizten eta baldintzatzen duten hainbat arazori buruz, baina, maskulinitatearen estereotipoak eraberritzeko beharrari buruz ere bai.

Emakume bakarra

«Genero hitza entzun eta berehala emakumeak datozkigu burura, ez gizonak, beharbada gizonen generoaz hitz egiteko beharrik ez dagoelako –esan zuen Enbeitak–. Beraz, generoaz hitz egitea emakume izateaz hitz egitea da». Horren harira, hitz joko bat egin zuen: «‘Generoa bertsolaritzan’ ‘Emakumea bertsolaritzan’en berdina izan daiteke, saio gehienetan beti emakume bat eta bakarra izaten delako. Saio batean parte hartzeko deitzen dizutenean, onena da ez pentsatzea aukeratu zaiztuztela neska zarelako. Dena okertzen hasiko da bestela, eta zeure gain sekulako pisua nabarituko duzu. Arratsalde horretan, lau bertsoren bidez, emakume guztiak ordezkatu beharko dituzula sentituko duzu. Putada bat da».

Lujanbiok sentimendu hori berretsi eta sormenean duen eragin kaltegarria agerian utzi zuen. «Gai baten aurrean, batzuetan, aukeratu behar duzu: edo gaiaren planteamendu jakin bat kritikatu, edo lasaiago hartu, eta bertsoa ateraldi polit batekin biribildu», esan zuen.

Norabide biko sentimendua da, gainera, entzule emakumea ere bertsolari emakumearengan ordezkatuta sentitzen baita. «Gutxituen konplexuak direla uste dut –berriro Lujanbiok–. Esaterako, euskaldun bat komunikabide espainol batean ikusten dugunean ere, ordezkatuta sentitzen gara, eta pentsatzen dugu: ‘ez esan hori, badaezpada, ez esan horrela behintzat, eta antzekoak».

Ikusleen aldetiko ordezkaritza sentimendu hori Egaña-Lujanbio finalean izugarri begi-bistakoa izan zela ohartarazi zuen Maiak. «Neska guztiak Maialenen alde zeuden, edo Egañaren kontra». Bera ere, Maia, behin baino gehiagotan «ordezkari» sentitu da. «16 urte nituela, ni baino askoz zaharragoa zen jendearekin kantatu behar izaten nuen. Saioan gazte bat behar zutelako deitzen zidaten inpresioa sarri izan nuen».

Muñoak nabarmendu zuen bertso eskoletan mutilak baino askoz neska gehiago dabiltzala. Hala ere, 17 urteren bueltan, neskek kantatzeari utzi egiten diote. Horrek zerikusia omen du ohiko rol banaketarekin: gizonentzat, esparru publikoa; emakumeentzat, berriz, pribatua. Ideia horrekin guztiz bat etorri zen Lujanbio: «Neskei ez direla nabarmendu behar irakatsi diete, eta bertsolaritza zerbait bada, jendearen aurrean nabarmentzea da. Eta, emakumea izanik, benetan nabarmendu behar zara, plazan leku bat lortuko baduzu. Izan ere, emakumeoi gizonei baino hiru aldiz gehiago eskatzen digute». Hori lotuta dago emakumeen hitzei gizartearen alor guztietan aitortzen zaien balio eskasarekin. Politikatik ekarritako adibide bat ipini zuen Lujanbiok: Ahotsak. «Hori alderdi guztietako gizonek osatutako elkartea izan balitz, arazoa konponduta legoke, seguru asko», esan zuen.

«Aurrera begira, zer?» galdetu zuen Estitxu Eizagirrek mahai-inguruaren bukaera aldera.

«Bertsoa jolasa da, baina alde sozial bat ere badu –erantzun zuen Maiak–. Gauzak ez dira berez aldatzen. Alda daitezen, norberak saiatu egin behar du, baina, horrez gain, aldaketa estrukturalak ere behar dira. Eta horretarako eragin behar; naturaltasuna galdu gabe, baina naturaltasunerantz eragin».

Bertsolaritza, aurreratuta

Gutxi gorabehera gauza bera, beste modu batez, baina, adierazi zuen Muñoak: «Generoen artekoa botere kontua da, eta botere espazioak lortzeko borroka egin behar da; bertsolaritzan ere asko dago borrokatzeko».

Etorkizunari begira, mahaian ziren emakumeak baikor agertu ziren. «Barne mugak apurtzeko une aproposean gaudela uste dut –esan zuen Enbeitak–. Kontzientzia badugu, eta, kontzientzia izanik, errazagoa da pausoak ematea». Lujanbioren ustez, berriz, bertsolaritzan, genero kontuetan, beste alor batzuetan baino aurreratuago daude: «Bertsolaritza luxuzko gunea da gai hauek guztiak lantzeko, jende sentibera badelako; izan ere, dagoeneko lantzen ari gara». Perspektiba historikoa ere ez dela begi-bistatik galdu behar gehitu zuen: «Azken batean, orain dela hamabost-hogei urte arte, emakume bertsolaririk ez zegoela esan dezakegu; egun ere, oraindik ez dago plazetan 40 urteko emakume bertsolaririk. Gu gara lehen belaunaldia, ea jarraitzen dugun».

Horren ildotik, mahaikide emakumezkoei begira, zera esan zuen Maiak: «Kontuan izan zuek aitzindariak zaretela, eta herrialde ezezagunetara zoaztela, eta gu zuen ondoan goazela».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo