MONTAUBAN
Biarritzek oraingoan ere atzerapausoa eman du
J.L. | BIARRITZ
Biarritzek atzerapauso handia eman zuen atzo Montaubanen galduta. Laugarren postutik kanpo zegoen atzoko partida hasi aitzinetik, eta amaitutakoan, aurrekoak gero eta aparteago dituzte.
Zuri-gorriek asko zuten jokoan Montaubanen. Horren aurreko partidak irabazi zituen talde lapurtarra, eta aurkariak ere nahiko aproposa ematen zuen, sailkapenean lasai baitzegoen ez gorako ez beherako arriskurik ez zuela. Baina beste behin ere, euskaldunek tupust egin dute, eta Ligako azken txanpa honetan gauzak asko aldatzen ez badira, aurten Biarritz ez da final-laurdenetan izango, eta hori kolpe handia izango da, Biarritzen helburua Liga irabaztea baitzen denboraldia hasieran.
Partida ez zen handia izan, baina bai orekatu samarra. Bietako edonork irabazteko modukoa izan zen, baina azkenean puntuak etxean geratu ziren.
Montauban aitzineratu zen zigor bat gauzatu ostean, baina Dupuyk partida berdindu, eta Cabannesek aldatu zuen entsegu bat gauzatu ostean. Dupuyk transformazioarekin ez zuen hutsik egin, eta, hala, aurretik izan ziren euskaldunak.
Atsedenera joan aurretik, ordea, Montaubanek bi zigor-kolpe gauzatu zituen, eta puntu batera gerturatu baziren ere, Biarritz 9-10 aitzinetik zela joan ziren atseden hartzera.
Okerrera
Bigarren zatian garaipena lortzeko itxaropenik ez zen falta, baina gauzak erabat okertu ziren. Montaubanek gogo gehiago jarri zuen berdegunean, eta etxekoak nagusi izan ziren.
Bigarren zati horretan joko kaskarra egin zuten euskaldunek, eta azkenean punturik gabe geratu ziren. Erasora oso gutxi egin zuten. Atzean hobeto aritu ziren, baina uztartzeetan eta eskasetan nahiko makal aritu ziren, eta bigarren zati osoan hiru puntu bakarrik lortu ahal izan zituzten, eta hori zigor-kolpe bati esker izan zen.
Amaieran, kolpe gogorra euskaldunentzat, eta gaitzerdi defentsan egindako lanagatik puntu bat eskuratu zutela. Hala ere, itxura kaskarra eman zuen atzo eta, hemendik aurrera, asko hobetu beharko du finalerdietan sartu ahal izateko.