GARA > Idatzia > Alaves

Etxeko puntuak pilatzen segi behar du Alavesek

Sergio Rodríguez, hankako minetik sendatuta, eta Coromina, zigorra beteta, hamaikakoan izango dira

p045_f01_148x108.jpg

 

GARA | GASTEIZ

Alaves hiru puntu biltzen saiatuko da gaur goizean Elcheren aurka, jaitsiera postuetatik lehenbailehen urruntzeko. José María Salmerón entrenatzailearen mutilek behar-beharrezkoa dute garaipena, lasaitasun pixka bat hartzeko eta zilarrezko ligako sailkapeneko behealdeak gehiago ez estutzeko.

Talde arabarrak, ordea, ez du aurkari xamurra izango aurrean. Nahiz eta talde valentziarrak bolada txarra eraman etxetik kanpo, orain arte, bigarren itzulian garaipen bakarra lortu baitu, igoera mailako postuak ditu begiz jota, eta beraien helburua lortzeko ezin dute huts gehiagorik egin. Alavesek, aldiz, bigarren itzulian lau berdinketa eta bi garaipen eskuratu ditu Mendizorrotzan, eta bolada horri eutsi beharko dio beheko postuetatik aldentzeko.

Coromina bueltan

Talde arabarrean ez dira izango José María Mena, partida bateko zigorra bete beharko baitu txartelen pilaketaren ondorioz, ezta Pablo Casar ere, min hartuta jarraitzen baitu. Horrela, Coromina izango da, aurreko larunbatean, Las Palmasen aurka, zigorra bete ostean, atzealdeko erdiko postuan hasieratik arituko den jokalaria.

Sergio Rodríguez eta Mehdi Lacen ere, aste osoan zalantzan izan arren, azkenean deialdian sartu ditu Salmerónek eta zelairatuko duen hamaikakoan izango dira hasieratik. Jokalari argeliarrak eta errioxarrak, eztarrian eta hankan izandako arazoak, hurrenez hurren, gainditu dituzte eta, beste behin ere, Stevanovic aulkian geratuko da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo