Lupa dokumentalen mostra, hastear
Mikelazulo kultur elkarteak eta Banda Bat taldeak antolatuta, Lupa dokumentalen mostra egingo da hilaren 30etik maiatzaren 4a bitartean Donostian eta Errenterian. Ekimen honen bitartez, publikoari zuzendutako dokumentalen proiekzioak eta dokumental munduko profesionalen topaketa eta mahai-inguruak uztartu nahi dituzte.
GARA | DONOSTIA
Lupa dokumentalen mostra sortzaile, ekoizle eta banatzaileen topaketa gisa aurkeztu dute antolatzaileek, eta dagoeneko hitzordura Euskal Herriko dokumental egileez gain, Estatu espainol osoko zein mundu mailako sortzaileak ere hurbilduko direla baieztatu dute.
Ekimenak esparru horretako sortzaileak elkartzea du xede. «Dokumentalaren munduaren inguruan gogoetarako tarte bat irekitzea baita gure asmoa», argitu dute Mikelazulo eta Banda Bat elkarteetatik. Horiek hala, elkarren artean, sortzailearen sormen prozesuan zein ekoizpenean «garrantzizkoak» iruditzen zaizkien zenbait gairi buruz hitz egin nahi dute, hala nola, inspirazio iturriez, dokumentalaren funtzioaz, lan egiteko moduez edota publikoari ezagutzera emateaz. «Mahai-inguru hauetan giro atsegin batean sortze prozesuari eta dokumentalaren banaketari buruz egon daitezkeen ikuspegi ezberdinak partekatu nahi ditugu -aipatu dute-. Bertara, hizlariek bideoklip txikiak ekar ditzakete, gai zehatz batzuei buruz haien ikuspegia hobeto azaltzeko».
Bestalde, bilera hauekin parez pare, parte hartzaileen dokumentalen proiekzioak publikoari eskainiko zaizkio, «sortzaileen presentziak ikusitakoa osatzeko, aberasteko, balio dezakeelakoan», argitu dutenez.
Egitaraua eta parte hartzaileak
«Gaviotas blindadas 3» (2008) dokumentalak irekiko du egitaraua hilaren 30ean -Donostiako Kutxa aretoan, 19.00etan-, eta «Angor»ek itxiko du maiatzaren 4an Mikelazulon, 20.30ean, egingo den emanaldiarekin.
Bitartean, maiatzaren 2an, «Dokumentalaren edukia» ardatz izango duen topaketa egingo da (11.00). 18.30ean, berriz, Mikelazulon «Yo pregunto a los presentes» lana izango da ikusgai, «Gaur egungo oroimenak» izeneko zikloaren baitan. Bertan, baina 20.30ean, «En la boca del león» ere eskainiko da.
Hilaren 3an, «Dokumentalaren ekoizpena eta banaketa» gaia izango da 11.00etan hasiko den topaketaren oinarri. 18.00etan, berriz, «Septiembres» eskainiko dute Mikelazulon, eta 20.30etik aurrera «Lucio» zinta izango da protagonista.
Hilaren 4an, igandea, «Un tal Eusebi» emango dute, eta Mikelazulon bertan, baina geroago, «Bartolo» eta «Angor» lanak ikusteko aukera ere izango da.
Orain artean ekimenean parte hartuko dutela baieztatu duten batzuk hauek dira: Iñaki Sagastume ekoizlea, Juan Miguel Gutiérrez eta Jose Mari Goenaga errealizadoreak, Unai Ibarbia ekoizlea, Iván del Campo eta Arturo Cisneros errealizadoreak, Alejandra Guzzo (Uruguay), Susana Vázquez (Argentina), Eñaut Tolosa errealizadorea, Aitor Olano ekoizlea, Hammudi Al-Rahmoun (Bartzelona), Manu Gerosa (Italia), Salva Muñoz (Madril), Eguzki Bideoak...