«Nahiago dut onenekin lehiatu eta podiumetik kanpo geratu»
Eskiatzailea
Andoni Arabaolaza | DONOSTIA
Bi hots. Bihotzaren taupadak bezala. Azkar, lehiatzen denean; mantso, hizketan denean. Ondo baino hobeto kontrolatzen ditu makineria horren nondik norakoak eta hori da, hein handi batean, bere ibilbide biribilaren giltza.
Izaskun Zubizarreta, inolako ezbairik gabe, lehiaren adierazle gardena da. Duela hiru urte eskas ezagutu zuen mendiko eskiko lehia. Ordutik hona, bai hemengo bai nazioarteko lasterketa ia gehienetan izan da. Eta lortu dituen emaitzak ezin hobeak izan dira. 38 urte ditu dagoeneko, berandu iritsi da mundu horretara; baina, hala ere, ondo baino hobeto erakutsi du gauzak ondo egiten badira eta den-dena ematen bada aitortza bera bakarrik iristen dela. Eta hori gertatu zaio aurtengo denboraldian. Ia perfektua izan da: Euskadiko Kopan zein Txapelketan txapeldun, Espainiako Kopan irabazle eta bigarren Espainiako Txapelketan (banakakoan zein kronoigoeran), Munduko Kopan zazpigarren, Munduko Txapelketan bosgarren banakako kategorian eta bederatzigarren distantzia luzekoan, Hormaguneetako Patruila lasterketan (Munduko Txapelketa distantzia luzean, baina taldeka) bosgarren...
Oso postu onak erdietsi ditu oiartzuarrak, baina ezin zaie haiei soilik begiratu; izan ere, munduko espezialista onenei denboretan gerturatu zaie eta baita horietako batzuei irabazi ere. Hein handi batean, azken hori da Zubizarreta lortu duen emaitzarik ederrena.
Lau hilabete eta erdiko denboraldi luzea amaitu ondoren, Hormaguneetako Patruilaren proba luze eta entzutetsuarekin hain zuzen ere, Izaskunek zer adierazi du, «uf, a zer lasaitua!» ala «egundoko pena eman dit»?
Biak ala biak atera zaizkit. Apirilaren 20a nuen amaiera data eta otsailean, denboraldia arras betea zein luzea zela ikusita, zera galdetzen nion neure buruari: iritsiko ote naiz? Bukatu dudanean, lasaitasun ederra hartu dut. Oso pozik, batez ere bukatzea oso emaitza ona delako. Baina, bestetik, pena eman dit. Besteak beste, astebururo betiko lagunekin lehiatu naizelako eta, finean, familia bat ginelako.
Zuk aipatu duzun bezala, luzea izateaz gainera, egutegi ofizial oparoa izan da: Euskadiko, Espainiako zein Munduko Kopa eta Txapelketak. Hain betea zen denboraldi horretarako oso gaitze fisiko zein psikiko ona behar izan dituzu, ezta?
Bai. Berez, lehiak urtarrilean hasi ziren, baina ni irailetik jardun nintzen entrenatzen. Eta gogor entrenatu ere. Atal psikikoa, aldiz, ez dut batere landu, eta onartu behar dut otsailean nahiko krisi larria izan nuela. Lana, entrenamenduak, probak... den-denak uztartzea oso zaila egin zait. Eta ez nintzen iristen; estres puntu bat ere izan dut. Hori dela eta, aipatutako gabezia hori ahal nuen moduan zuzendu behar izan dut.
Emakumezko lehiakide gogorrenen artean zu izan zara lasterketa gehien egin dituen bakanetakoa. Hori kontuan hartuta, lasai asko emango dizugu saltsera nagusiaren titulua.
Ni halakoa naiz, saltsera hutsa. Sophie-k (Dusautoir) esaten zidan: «Nola eusten diozun!». Egia da proba guztiek erakartzen nautela, eta fisikoki oso ondo oneratzen naizela. Munduko Txapelketak bost proba ezberdin zituen, eta guztietan hartu nahi nuen parte; azkenean, bostak ala bostak korritu nituen. Jakin badakizu, elurrari dagokionez, denboraldi motza dela, eta, horrela bada, aprobetxatu egin behar nuen.
Harritu nauena da, belauna nahiko kolokan izanda, lehia guztietan izan eta emaitza bikainak erdietsi dituzula.
Proben egutegia hasi zenean, beldur pixka bat banuen; ez nekien ziur martxora iritsiko ote nintzen. Baina, azkenean, bukatu egin dut! Hori bai, ondo baino hobeto zaindu naiz: fisioterapeutarekin izan naiz, kontu handiz lehiatu naiz...
Eta hori guztia gutxi izango balitz, lehiakide indartsuenak ez bezala, zu ez zara profesionala. Hots, entrenamenduak, lana eta lasterketak uztartu behar izan dituzu. Hori ere azpimarratzekoa da, ezta?
Soilik italiar, suitzar eta frantses lehiakide batzuk dira profesionalak. Hemen, gure ingurumarian, ez dago horrelakorik. Hala ere, FEDMEko nire taldekide batzuek asti asko dute; nik, aldiz, ez. Gogorra da, baina... Asti gehiago izanez gero, atseden hartzeko erabiliko nuke. Hori ezinbestekoa da, eta ni ez naiz gelditu. Egunero laster bizian ibili naiz. Gainera, bakarrik ibili naiz entrenatzen. Hori dela eta, gustatuko litzaidake lanaldi murriztua edo lan utzialdiren bat eduki ahal izatea.
Zirkuitu ofizial ezberdinen balantzearekin hasiko gara. Euskadiko Kopa eta Txapelketa lortu dituzu berriro. Baina, hori bai, lehiakide bakarra izan zara. Egoera penagarria hemengo nesken lehiaketek bizi dutena.
Bai, pena ematen du. Orain dela hiru urte egin nuen nire lehenengo lasterketa, eta neska gehiago zegoen. Baina desagertzen joan dira, eta soilik ni geratu naiz. Herrikoiak badira, baina lehiaren alde egin duena ni bakarrik. Kirol guztiek jasaten dute egoera bera; agian, eski-alpinismoak gehiago. Eta ulertzekoa da, eskia ez baita gure ingurunea.
Hala ere, mutilen lehian jarduten direnak ez dira hamarrera iristen. Hausnarketa sakona behar du zuen kirolak.
Adibidez, Josebak (Ormazabal) merezi handia dauka. Entrenatzeko oporrak hartzen ditu, eta oso maila onean dabil. 14 urteko neskato-mutiko batek ezin du bere kabuz Pirinioetara joan. Orain EMFk teknifikazio zentro bat sortu du. Lehenengo urratsa da eta lan handia egin beharko dute gazte horiekin. Katalanek urte mordoa daramate hori egiten, eta Mireia (Miro), Kilian (Jornet) eta enparauen emaitzak nahiko adierazgarriak dira.
Bestalde, argi dago elurra urruti dugula eta maila ona izateko asko eskiatu behar dela. Horrekin batera esan behar dut lehiek errespetu handia ematen dutela. Ni, adibidez, duela hiru urte hasi nintzen. Beste eite bat azpimarratu nahi nuke. Gauza bat da mendiko eskia egitea eta bestea mendiko eskian lehiatzea. Biak ala biak oso ezberdinak dira. Mendiko eskian, astolangileak ere badira, lasai asko praktikatzen duzu. Lehian, berriz, oso kontzentratua joaten zarenez, ez zara ezertaz ohartzen: bi ordu ibiltzen zara dena emanda eta 10etarako bukatu duzu. Lehiak ez bazaitu erakartzen, jai dago.
Beste urte batez, FEDMEren zirkuituan izan zara eta, espero zen bezala, oso emaitza onak erdietsi dituzu. Gustura egindako lanarekin?
Bada, bai. Zirkuitu horretan ere neska gutxi lehiatzen gara, baina, haatik, oso gustura pasatzen dut Sophie eta Mireiarekin lehiatzen. Jo eta su ibiltzen gara, eta oso harreman estua dugu. Espainiako Banakako Txapelketan Mireiak irabazi zidan; nire espezialitatea da, baina banekien oso indartsu zegoela. Etorkizun oparoa dauka nire kide katalanak: datorren urtean adi Mireiak nazioarteko zirkuituan nagusien mailan egingo duenarekin!
Munduko Kopan, taldekako modalitatean, sailkapen nagusiko bigarren postua lortu duzu; hots, euskal eskiatzaile batek egin duen lehenengo nazioarteko podiuma. Beste herrialde batzuetan bezala, hemen ere txaubinismo puntu bat antzeman diet hedabideei. Soilik postuari erreparatu diote, kontuan hartuta taldekako probak desastre hutsa izan direla.
Niri ere ez dit balio; lehiakideen arteko aldeak eta indarrak neurtzeko ez du balio. Goi mailako eskiatzaile asko falta ziren eta, bai, bigarren postua ondo dago, baina hanka-motz geratzen da. Nahiago dut onenekin lehiatu eta podiumetik kanpo geratu.
Horrela bada, zeharka esan baduzu ere, Munduko Txapelketaz hitz egin behar dugu. Hor bai, den-denak bildu eta lehiatu zineten.
Horixe da. Inolako zalantzarik gabe. Nahiz eta podiumik ez erdietsi, proba goren horiekin geratzen naiz.
Ez zara kexatuko: banakakoan zazpigarren eta distantzia luzekoan (aurten ez da ofiziala izan) bederatzigarren!
Bai, ondo baino hobeto azaldu duzu. Oso pozik nago egindako lan horiekin. Horiek ziren nire probak eta oso emaitza onarekin atera ditut. Eta, arestian aipatu dudan legez, den-denak geunden. Taldekakoan ere gustura jardun nintzen. Ez zara zu bakarrik eta presio guztia ez dago zure gainean. Duela bi urteko Cuneo-ko txapelketarekin alderatuta, aurtengo aldian ondo ibili naiz. Asko hobetu dut, eta Pedranzini, Martinelli eta enparauengana hurbildu naiz. Horietako batzuei Baqueiran irabazi nien. Hor aurrean lauzpabost daude, eta atzetik beste multzo bat gaude. Datorren urtean bai Mireia eta bai Laetitia Roux hor aurrean izango dira. Martinelli, Pedranzini, Lathuraz, Favre... beteranoak dira.
Ez dakit badakizun ala ez, baina Munduko Txapelketan egin diren dopingaren aurkako azterketa guztietan ez da positibo bat bera ere izan. Eski-alpinismoko lehiak osasuntsu daude, ezta?
Ez nekien, baina neurea ere tartean zen. Ez nau gehiegi harritzen, kirol hau ez baita profesionala. Albiste ona da. Bitaminak eta antzekoak hartzen ditugu, baina hortik aurrera ez. Badakizu, tartean dirua dagoenean agertzen dira positiboak. Gainera, gai horrek ihes egiten dit. Flipa egiten duzu batzuek egiten dituzten denborekin, baina...
Zuri asko gustatzen zaizun proba batekin amaitu duzu denboraldia: Hormaguneetako Patruila. Cristina Bes eta Emma Roc-ekin korritu zenuen, eta bosgarren geratu zineten. Alabaina, irabazleengandik ia hiru ordura geratu zineten. Harritzen al zaitu?
Ez. Irabazle suitzarrek, adibidez, hilabete eman zuten proba hori prestatzen. Haien lasterketa da eta den-dena oso ondo lotuta dute; ez dute denborarik galtzen. Gainera, sekulako kronoa egin zuten; errekorra eta guzti. Gure denbora ona izan zen; kontent nago egindako lanarekin.
Eta orain, denboraldia amaituta, belauneko ebakuntza egitera.
Hala da. Ebakuntza egin, osatu, atseden pixka bat hartu eta ondoren dena emanda entrenatzera. Ez dakit zer egingo dudan datorren denboraldian. Ondo hausnartu behar dut. Orain egundoko goraldia dut, eta jarraitzeko adore eman didate. Lanaldi murriztua edo lan utzialdiren bat lortuko banu...