GARA > Idatzia > Kultura

Gaur abiatuko da Nosferatuk Edward Yang zinemagile taiwandarrari eskainitako zikloa

p057_f03.jpg

GARA | DONOSTIA

«Kongbu Fenzi/The Terrorizer» (1986) filmaren emanaldiarekin hasiko da gaur, 20.15ean, Antzoki Zaharrean, Donostia Kulturak, Nosferatu programazioaren barruan, Taiwango Edward Yang (1947-2007) zinemagileari eskainitako zikloa. Taiwango zinema berriaren ordezkari garrantzitsuenetakoa denak 1982an abiatu zuen bere ibilbidea «Guangyin de gushi/In Our Time» film kolektiboan egindako pasartearekin, eta zazpi pelikula gehiago egin zituen, horien artean, «Yi yi» (2000) delarik arrakasta handiena lortu duena.

Ekaina bitartean luzatuko den zikloan, Yang-en obra guztiari egingo zaio errepaso Donostian, eta bertan ikusgai izango dira, besteren artean, «Guling jie shaonian sha ren shijian/ A Brighter Summer Day» (1991) eta «Majiang/Mahjong» (1996) titulu garrantzitsuak. Atzera begirakoa Nosferatu Bildumaren bigarren liburuarekin osatuko da, «Cahiers du Cinéma España»ko Jaime Pena kritikariak koordinatutakoa.

Proiekzioak asteazkenetan izango dira, Antzoki Zaharrean (20.15). Sarreraren prezioa 3,70 eurokoa da. Badago zortzi saioetarako abonua lortzerik ere.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo