GARA > Idatzia > Euskal Herria

Hizkuntza politiken gaineko hausnarketa iragarri du Lakuak

«Dokumentu honek gizarte elebidun bat du gogoan», horixe adierazi zuten egileek, XXI. mendeko hizkuntza politikaren oinarriak finkatzeko egin duten oinarriko testuaren gainean. Euskara21 ekimena jarri dute abian, adituek zein herritarrek ekarpenak egin ditzaten. Euren ustez, hizkuntza politikak «leialtasuna eta atxikimendua izan behar ditu oinarri».

Maider EIZMENDI |

«XXI. mende hasierako hizkuntza politikaren oinarriak». Horiexek finkatzea da, Lakuako Gobernuko ordezkarien esanetan, atzo Donostian aurkeztu zuten Euskara21 egitasmoaren xedea.

Agerraldian «Euskara, XXI. mendeko hizkuntza bizia, egunerokoa eta noranahikoa» oinarrizko txostena aurkeztu zuten; dokumentu hau izango da martxan jarri nahi duten eztabaidaren abiapuntua. Berau osatu beharko dute orain gainerako batzordekideek eta webgunearen bitartez beren iritzia plazaratu nahi duten herritarrek.

Agerraldian txostena egin duten adituek -Aurelia Arkotxa, Lore Erriondo, Alberto López Basaguren, Eneko Oregi eta Pello Salaburu- parte hartu zuten, baita Lakuako Hizkuntza Politikarako sailburuorde Patxi Baztarrikak ere.

Baztarrika itxaropentsu agertu zen: « Seguru nago gai izango garela giro lasaian, tamaina honetako eztabaida batek eskatzen duen zorroztasun eta gordintasunez, erdi-egien eta erdi-gezurren erosotasunean erori gabe, baina aldi berean soseguz eta errespetuz eztabaidatzeko». Euskal gizartean «transbertsalitatea» beharrezko jo zuen eta zentzu honetan honakoa gaineratu zuen: «Ez diezaiola inork uko egin euskarari, ez dezala inork bere burua euskararen jabe bakar bihurtu, ez dezala inork bere burua euskaratik urrundu».

Pello Salaburuk azaldu zituen oinarrizko txostenaren puntu eta hausnarketa nagusiak. EAEra mugatzen den azterketa dela eta proposamenaren helburua ez dela azken 25 urteetako lana kritikatzea argitu zuen.

Salaburuk adierazi zuenez, «dokumentu honek gizarte elebidun bat du gogoan». Ildo horretan, txostenean bertan zera esaten da, «egiazki elebiduna izango den euskal gizartea eraikitzeko pausoak eman behar ditu hizkuntza politikak». Zera gehitu zuen: «Hizkuntza-askatasunaren eta hizkuntza-erabilera aukera berdintasunaren alde, euskara eta gaztelaniaren arteko berdintasun sozialaren alde modu positiboan eta aktiboan, zuhurtasunez eta malgutasunez, baina etengabe, lan egingo badugu, nahitaezkoa da elebitasun orekatua eta aukera-berdintzailea benetan posible balitz bezala jardutea, hori helburu duen hizkuntza politika malgu eta errealista egitea».

Edozein hizkuntza politikak hiru abiapuntu dituela esan zuen Salaburuk: lege markoa, baliabideak eta atxikimendua. «Hiru gauza horiek aspalditik ditu euskarak, baina horrek ez ditu arazo guztiak konpondu». Besteren artean, euskararen erabilera ez duela bermatu adierazi zuen: «Garai batean hizkuntza jakitea eta hizkuntza erabiltzea ia-ia gauza bera zen, orain ez. Hor haustura bat gertatu da, dakiguna baino gutxiago erabiltzen dugu; hor dago koska».

Hizkuntza politikak izan behar dituen ezaugarrien gainean ere mintzatu zen: «Hizkuntza politikak, legeak eta arauak ez ezik, erabiltzaileen erosotasuna bermatu behar du, elebiduna den eta mundu guztiak nahi duen hizkuntza erabiltzeko eskubidea duen eremuan. Horretarako hizkuntza politikak leialtasuna eta atxikimendua izan behar ditu oinarri; gure ustez, horretan oinarritzen den politikak ondorioz kohesio maila handiagoa lortuko du gizartean, euskararen arazoa ez baita euskal hiztunena soilik, gizartearena baizik».

Txostenaren ibilbidearen gainean, eztabaida abendua bitartean luzatuko dela zehaztu zuten. Honek Lakuaren hizkuntza politikan izango duen eraginaren inguruan, berriz, honakoa esan zuen Baztarrikak: «Honek XXI. mende hasiera honetan beharko liratekeen hizkuntza politiken printzipioak zehatzen ditu; kontuan hartu bai, baina bakoitzak bere neurrian».

web orria

Atzo bertan jarri zuten www. euskadi.net/euskara21 orria abian; bertan izango dira txostena, batzordekideek egindako ekarpenak eta herritarrek emango dituzten iritziak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo