Udalbiltzaren lanak «ez dira putzu batera botatako harriak», epaiketaz harago «ikaspen erabilgarriak» baizik
Euskal Herriak duen lehenbiziko nazio instituzioak urteotan egin dituen lanak epaituko ditu laster Madrilgo Auzitegi Nazionalak. Atzo, bost urte bete ziren Udalbiltzaren aurkako lehenbiziko erasoaldiaz. Hala ere, etorkizun luzea duela argi geratu da behin eta berriro.
Gari MUJIKA
Orain dela ia bederatzi urte, 1999ko irailaren 18an, sortu zen Euskal Herriko nazio instituzioa: Udalbiltza. EAJko, Euskal Herritarrok-eko, EAko, ABko eta independente gisa joandako 1.778 udal hautetsik aho batez baiezkoa eman zioten nazio instituzioa abiaraztearen aldeko jarrerari. Lizarra-Garaziko akordioaren testuingurua bizi zen orduan. Hiru urteren jiran, nazio eraikuntzaren beldur, Estatu espainolak Udalbiltzaren aurkako jazarpena abiarazi zuen salbuespenezko auzitegien eta polizia espainolen eskutik, aurretiaz beste hainbat erakunderekin egin bezalaxe. Orain, errepikatzen ari den joera horretan, nazio eraikuntzaren aldeko lanagatik Udalbiltzako hogeita bi ordezkariren eta langileren aurkako epaiketa hastear da; are gehiago, nazio instituzioak profitatutako ilusioa, perspektiba eta, oro har, Euskal Herriaren aldeko lan eskerga zigortu nahi ditu Madrilek, herritarrok ere, Garzónen tesien itzalpean, ETA erakunde armatuko kideak direla leporatuz.
Baina, erakunde armatuko kide izatearen aitzaki faltsuaren ihesbidearen atzean, Madrilek zigortu nahi duena «beldurrez» ikusten duen lana da, hain zuzen ere, eraikuntza nazionalari atxikitako ekimen andana eta euskal herritarrak. Horren erakusle, orain dela hilabete zenbait epaitu dituzten «Jarrai-Haika-Segi» edota 18/98 sumarioen barneko Ekin, Xaki, «Egin» edota Joxemi Zumalabe Fundazioa, eta bertan auzipeturiko eta egun espetxeraturik aurkitzen diren ehunka herritarrak. Ondotik datoz Batasunaren edota Egunkariaren aurkako epaiketak ere, eta horiekin batera -guztiak Euskal Herriaren nazio eraikuntzaren aldeko norabidean atxikiak-, Udalbiltza nazio instituzioarena.
Inoiz izan ez diren aurrerapausoak
Baina Lizarra-Garaziko prozesua bertan behera geratu zen unean, Euskal Herriko udal hautetsiez osaturiko nazio instituziotik atera ziren EAJ eta EA. Horren segidan etorri zen orain dela bost urteko polizia sarekada, eta Udalbiltza kriminalizatzeko asmoa -ez, ordea, egun ere elkarte pribatu gisa bizirauten duen eta EAJko eta EAko hautetsiek gorpuzten duten Udalbide-. Baina zein da hori horrela izatearen benetako arrazoia? Udalbiltzak urteotan egindako lanari so egitea besterik ez dago. Izan ere, erretorika hutsean erori gabe, benetako aurrerapausoak eman baititu Euskal Herria eraikitzen; eta hala jarraitzen du.
2003ko apirilaren 29an egin zen Udalbiltzaren aurkako lehen polizia operazioa. Egun hartan, Euskal Herriko instituzioak Astigarragan, Iruñean eta Bilbon zituen egoitzetan sartu eta prezintatu zituzten Auzitegi Nazionalaren aginduz, baita materiala eta ordenagailuak eraman ere, Udalbiltza eta Euskal Garapen eta Kohesio Fondoari suspentsioa ezarri, eta zortzi euskal herritar atxilo eraman: Miriam Campos, Eider Casanova, Lander Etxebarria, Oskar Goñi, Txema Jurado, Leire Idoiaga, Larraitz Sanzberro eta Karmele Urbistondo, guztiak Udalbiltzako ordezkariak eta langileak.
Nazio instituzioak abiarazitako ekimenei ere zuzenean eraso zieten egun hartan, eta ondokoetan, Madriletik. Nazio eraikuntzaren aldeko dinamikan Udalbiltzak 2001eko abenduan, Biarritzen, egin zuen asanbladan onartu eta abian jarri zuen «Zuberoa Garatzen» ekimenaren karietara herritarrengandik bildutako 400.000 euro eraman baitzuten poliziek. Ekimen hori parte hartzailea, praktikoa eta nazio ikuspegian aurrerapauso itzela izan zen; baita Hego eta Ipar Euskal Herriko «zatiketa» gainditzeko bidean ere.
Polizia operazioaren egun hura gogora ekartzean, Udalbiltzako kideek argi dute «nazio eraikuntzan zein udalen arteko elkarlanean emandako urratsak geldiaraztea zela eta dela egun ere» errepresioaren helburua. Ondoren, bata bestearen atzetik etorri ziren nazio instituzioak bultzatutako edota abiarazitako ekimenen aurkako erasoaldiak. Kontu korronteak blokeatzea, euskal herritar gehiago inputatzea, Udalbiltzaren Alde Elkartearen suspentsioa, irailean Xarlo Etxezaharretaren aurkako atxilotze agindua... Datorren hilean, maiatzaren 23an hain justu, bost urte beteko dira, halaber, beste bost euskal herritar espetxeratu zituztenetik: Xabier Alegria, Miren Josu Aranburu, Loren Arkotxa, Imanol Esnaola eta Joseba Garmendia, Auzitegi Nazionalera deklaratzera deitu ostean, beraiek espetxeratzeko agindu baitzuen Baltasar Garzón epaileak.
Lehentasuna, berrantolaketa
Udalbiltzako kide eta auzipetu den Maribi Ugartuburuk GARAri adierazi dion bezala, hutsean eroriko dira nazio instituzioaren aurkako eraso errepresibook, bere esanetan Udalbiltzak euskal herritarren halabeharrezko premiari eta nahiari erantzuten baitio.
Are gehiago, Euskal Herriko kasik 1.800 udal hautetsik osatu zuten instituzio demokratikoa denean. Ugarteburuk argi dauka zilegitasun osoa duen ekimena dela nazio instituzioak egundaino egindako lanagatik, eta baita aurrerantzean egingo duenagatik ere. «Espainiari erakutsi behar diogu guztiz zilegia eta eskubidezkoa dela. Inori ez dio kalterik egiten. Udal hautetsiek osatutako instituzioa da, eta hori demokrazia da, hemen eta Japonian! Eta ez da delitua!», nabarmendu du irmotasunez auzipetu bizkaitarrak.
«Auzia hor dago, baina alperrik izango da. Premiak hor jarraitzen baitu, eta beste hautetsi batzuk izango baitira Udalbiltzaren lanarekin jarraituko dutenak. Zaila izango da, noski, baina azken bost urteotan ere horrela izan da, baina hor jarraitzea lortu dugu lanak eginez eta proiektuak aurrera eramanez», esan du Ugarteburuk, kontuan izanik, gainera, egungo testuinguru politikoak ez duela batere laguntzen norabide horretan.
Hala ere, eta Euskal Herriko egoera politikoa «zirkulu batean jiraka» dabilen sentsazioa irudikatu arren-adibide gisa, azken asteotan Eusko Alderdi Jeltzalearen diskurtso aldaketari begiratzea besterik ez dagoela aipatu du-, «egindako bidea sekula ez da alperrik egindakoa izan». Maribi Ugartebururen ustez, egungo egoerak duela hamar urtekoa baino hobea ez badirudi ere, «orain arteko lanak irakaspen erabilgarriak dira, eta ez putzu batera botatako harriak». Horren gisa berean, orain dela hilabeteak egindako negoziazio prozesuan mahaigainean jarrita- koak ere hutsean eroriko ez diren gakoak direlako ziurtasuna duela azaldu zuen.
Hala, gogora ekarri ditu nazioarteko eragileekin eta, oro har, nazioartean, Udalbiltzak egindako lana, hala nola: Euskal Herriko Naziotasun Aitormena (EHNA) bultzatu, eta egun milaka herritarrek izan eta egunerokotasunean erabiltzea; euskara eta hezkuntza arloan Kontseilua, Ikastolen Konfederazioa edota Sortzen-Ikasbatuaz eragileekin sinaturiko hitzarmenak; Hizkuntza Eskubideen Behatokia sortzeko emandako bultzada; «Euskal Herria demokraziaranzko eta bakeranzko bidean» izeneko agiria, eta abar...
Euskal Herriaren Eskubideen Karta
Dozenaka dira sortuz geroztiko hamarkada honetan Euskal Herriko nazio-instituzio ordezkari nagusiak, Udalbiltzak, egin dituen lanak, eta berari esker abiarazitakoak eta bultzatutakoak.
Ugarteburuk bi aipatu ditu bereziki: Nazio Eztabaida Gunea eta, bere aburuz, «maiuskulaz» idatzi beharrekoa den Euskal Herriaren Eskubideen Karta. Euskal Herriak sekula ez duela izan Nazio Eztabaida Gunea bezalako fororik nabarmendu du. Horren ondotik izan du Euskal Herriak lehenbizikoz nazio eraikuntzari bideraturiko plan bat; Euskal Herriko herrialde guztietan oinarritua, gainera. Nazio Garapenerako Biltzarra ere horrela sortu zen, baita Konponbiderako Mahaia ere. Gogora ekarri du, gainera, gutxien- go eskubideak jasotzen dituen Euskal Herriaren Eskubideen Karta dimentsio eta ahalmen handiko tresna dela, Udalbiltzaren «propietatea» izan ez, eta herritarren aldarrikapen-lanabes izan beharrekoa dena.
Udalbiltzako kideen ustez hori guztia da, Euskal Herriaren nazio eraikuntzan egindako lan mardula, Estatu espainolak jasangaitzat duena, eta zuzenean kolpatzen duena. Hein horretan, egungo testuinguruan «errepresioa bizkortu» egin dutela ikusten dute, baina, horrexegatik, egoera irauli beharra dagoela defendatzen dute. Hala, nazio instituzioari dagokionez, Udalbiltzaren berrantolaketa «lehentasunez» hartu beharrekoa dela esan dute. Maribi Ugarteburuk argi dauka «etorkizunerako inbertsioa» dela instituzioa bera, eta, orain, lehenbiziko eginbeharra Udalbiltza indartzea eta bere berrantolaketa bultzatzea da. «Eta orain da unea», gaineratu du, Euskal Herriko udal hautetsi guztiei hitz eginez, eta euren «lehentasun» gisa koka dezaten eskaera eginez. «Alderdien exekutiben gehiegizko eragina gainditzean hasiko gara instituzio sendoa izaten», ondorioztatu duenez.
Atzokoan, polizia sarekadaren bosgarren urteurrenean, aldarrikapen horiek plazaratu zituzten Euskal Herriko hainbat udalerritan egin ziren mobilizazioetan. Baita Amerikatik egindako eskakizunetan ere; izan ere, Amerikako Diasporako Nazio Eztabaida Guneko kideek oharra kaleratu baitzuten, lehenik eta behin, datozen hileotan epaituko dituzten Udalbiltzako ordezkarien eta lan- gileen inputazioak gogor salatuz.
Amerikatik konpromisoak berretsiz
Hogeita bi euskal herritar auzipetu horiek Euskal Herriko herrialde guztietako ordezkari diren heinean, hainbat udalerritako zinegotziak eta alkateak direla gogorarazi dute, eta horrexegatik beragatik, are eta sa- lagarriagoa dela nabarmendu.
Baina kriminalizatze egoera horrez gain, Amerikako Diasporaren erakunde guztietan Udalbiltzaren lanak «zabaltzen eta defendatzen» jarraitzeko konpromisoa berretsi zuten, hala nola euskara, euskal kultura edota EHNA bultzatuz eta sustatuz. «Gure plataformak gure esku dauden ekimen eta jardun guztiak garatuko ditu Udalbiltzaren batasuna errealitate bat izan dadin», gaineratu dute Amerikako Diasporako Nazio Eztabaida Guneko kideek. Era berean, Euskal Herriak bizi duen gatazkak «erro politikoak» dituela eta irtenbidea «soilik» elkarrizketaren bidetik etorriko dela nabarmentzeaz gain, Euskal Herriaren eta herritarren eskubideen alde lanean jarraituko dutela berretsi zuten.
Edonola ere, Udalbiltza nazio instituzioak bere jardunean jarraituko duela argi eta garbi utzi zuten atzokoan Euskal Herri osoan, baita nazioartean ere. Hala bedi.
Hogeita bat hautetsik egindako deiari jarraiki bildu zen 1999ko otsailaren 6ean hautetsien lehenbiziko asanblada nazionala; bertan onartu zuten udaletan oinarritutako nazio instituzioa sortzea. Hala jaio zen irailaren 18an, Bilboko Euskalduna Jauregian, Udalbiltza.
Bost printzipio eta ziorekin: Euskal Herria nazioa dela aldarrikatzea; nazioaren egituraketa politikoa bultzatzea lurraldetasuna irizpide izanik; nazio eraikuntza bultzatzea; euskal udalerri guztien arteko elkarlana bultzatzea; eta, Euskal Herria nazioartean nazio berezko eta desberdindua dela adieraztea.
Coincidiendo con el quinto aniversario del operativo policial contra la institución nacional Udalbiltza que desembocó en la clausura de sus sedes, la suspensión de sus actividades y la detención de ocho ciudadanos vascos, decenas de personas participaron en las concentraciones que ayer por la tarde se llevaron a cabo en varios municipios del país bajo el lema «Bai Udalbiltzari, bai Euskal Herriari». En su mayoría las movilizaciones se llevaron ante los consistorios y fueron protestas de carácter comarcal en las que participaron cargos electos que participaron o son parte de la institución nacional.
En la Plaza del Ayuntamiento de Iruñea, por ejemplo, más de veinte concejales y ex cargos electos de la izquierda abertzale llevaron a cabo la protesta en defensa de Udalbiltza, mientras que en Uharte fueron 15 los concentrados. En el municipio vizcaino de Ondarru 110 vecinos secundaron la movilización en defensa de Udalbiltza, mientras que en Urretxu fueron 100, 50 en Hernani, 60 en Galdakao, 32 en Zestoa, 16 en Zeberio, 21 en Asparrena, 80 en Oiartzun, 40 en Etxalar, 50 en Mutriku, 35 en Berriatua, 60 en Aulestia, 40 en Orio, 20 en Getaria, 60 en Azpeitia y 60 en la capital vizcaina.
22 dira
Orain dela bost urte Auzitegi Nazional espainolak Udalbiltzaren aurka abiarazi zuen erasoaldiaren ondotik, orotara hogeita bi dira Garzónek auzipetu dituen herritarrak. Epaiketa laster izango da.