Cavendish azkarrena Romandiako aitzin etapan
GARA | DONOSTIA
Mark Cavendishek lortu zuen garaipena Romandiako Tourraren aitzin etapan. High Road taldeko txirrindulari gazteak ehuneneko apur batzuen aldearekin gainditu zuen Danielle Bennatti, Liquigas taldeko esprinter italiarra. Hirugarren postua talde bereko Michael Albasini suitzarrarentzat izan zen. Ginebrako ibilbide motzak (1,9 kilometro) baldintzatuta, aldeak oso estuak izan ziren eta sailkapen nagusian aldaketak espero dira datozen egunotan.
Man Uhartean jaioa eta denbora luzez pistan ibilia, garaipen zerrenda mardula pilatu du Mark Cavendish gazteak profesionaletan daramatzan hiru urteotan. 2006an Langkawiko Tourrean etapa bat irabaztea lortu zuen, baina iaz garaipen gehiago eskuratu zituen: Kataluniako Voltan bi etapa eta Dunkerqueko Lau Egunetan, Besseges-ko Izarrean eta Eneco Tourrean beste bana. Atzo, aitzin etapa irabazteko faboritoen artean sartzen zutenei arrazoia eman zien.
Beste faboritoen artean, aipagarria izan zen Thomas Dekker iazko irabazleak lortu zuen bederatzigarren postua. Holandarrak bi segundoko atzerapena baino ez zuen izan bi kilometroko erlojupekoan, eta pentsatzekoa da ostiralean jokatuko den 18 kilometroko erlojupekoan are eta emaitza hobea lortzeko aukerak izango dituela. Gaur jokatuko da lehen etapa: Morges-Saignelegier (182k.).