GARA > Idatzia > Editoriala

Elikadura krisiaren kontrako adabakiak

Ekonomiaren gorabeherek eragiten dituzten krisien kausak azaltzen konplexuak dira, baina haien efektuak oso erraz azal daitezke: herrialde aberatsetan herritar askok sakrifizioak egin behar dituzte eguneroko erosketak egiteko; herri txiroetan, berriz, efektu hori milioika lagunen miseria, gosea eta heriotza arriskua da. Horren ikaragarria. Atzo NBEk eta Mundu Bankuak krisiari aurre egiteko plana aurkeztu zuten. Hartarako, emaileen finantzazioa eskatu dute.

Prezio igoeraren kausak askotarikoak dira, baina gehienek aberatsen diru-gose gero eta handiagoa dute ezaugarri. Kausa naturalez gain, petrolioaren eta, beraz, garraioaren kostu gero eta handiagoa, behar-beharrezko produktuen gaineko espekulazioa eta nekazaritza-erregaien produkzioa agertzen dira krisiaren atzean. Bitxia egiten da NBEren planean espekulazio horren gaineko kontrolaren beharrik ez aipatzea, ezta nekazaritza-erregaien produkziorako luzamendurik ere. Horregatik, argiak baino ilun gehiago ditu, taxutu duten erakundeak, beren ohiko jardunean bezala, noren esanetara dauden agertzen duena. Aipatutako kausa gehienen erantzule zehatzak ditu. Haien negozioek hainbat herrialderen hondamendia, milioika lagunen miseriarik gorriena eragiten baitute, herri horiei beren burua hornitzeko gaitasuna kenduta, eta ondoren elikagai eta behar-beharrezko produktuak. Esanguratsua da garai batean aurreikusita zeuden laguntzak, goseteek sor litzaketen arazoak saihesteko -ezen ez pobreen sufrimendua arintzeko- kontrol mekanismoak murriztu izana.

Bitxia da, halaber, krisiaren kausetako bati, Asiako zenbait herrialde handiren eskari gero eta handiagoari, alegia, halako erruduntasun karga leporatzea, Mendebaldeko kontsumo ohiturak sustatzen dituzten aldi berean, herrialde horiek ere era berean kontsumitzeko eskubiderik izango ez balute bezala. Ondasunak banatzeko prest, munduko bizilagun guztiei elikatzeko eskubidea onartzeko prest ez dauden artean, unean uneko irtenbide erdipurdikoak ematen segituko dute, egiturazko arazo ikaragarri bati adabakiz aurre egiten, hain zuzen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo