GARA > Idatzia > Euskal Herria

Iritsi dira Andoaingo jai gazte eta kaletarrak, santakrutzak

Hemen dira Andoaingo santakrutzak. Pedro Unanue aurtengo pregoilariaren hitzetan, festarik kaletarrenak eta herritarren parte hartze handiena dutenak. Larunbatean izango dute jai handia andoaindarrek, Santakrutz Eguna, baina ezin da ahaztu ostiraleko Koadrila Eguna, aurten 10. urtez egingo dutena eta, gainera, berrikuntzekin. Gosari eder batekin ekingo diote parrandari Bekoplazan, eta txosnagunean bertan hasiko dituzte jolasak, ez Kale Nagusian.

p024_f02.jpg

GARA |

Gaur arratsaldean hasiko dira Andoaingo santakrutzak eta igande arte ez da dantzarik, irririk eta giro onik faltako Gipuzkoako herri honetan. Festa hauek makina bat gozagarri dituzte; esate baterako, danborradak. Lehenbizikoa Zumeatarra elkarteak egingo du gaur bertan, gaueko hamar eta erdietan.

Hain zuzen ere, urteetan elkarte horretako lehendakari eta batzordekide izandako Pedro Unanue da aurtengo pregoilaria. Berarentzat «jai pribilejiatuak» dira santakrutzak. Nahiz eta Etxeberrietan jaio, Zumeatarra elkartearen gainean bizi izan da hainbat urtetan -ezkondu eta Olagainera joan arte- eta hurbil-hurbiletik ezagutzen ditu festa hauek. «Jaiak maitatzen erakusten ziguten haurtzaroan etxean; pentsa, galtza berriak orduan estreinatzen genituen», kontatu dio «Aiurri» aldizkariari. Modu askotara gozatuko omen ditu jaiak, nahiz eta pregoiaren kontuak zerbait nahastu. Kalean asko ibiltzeko asmoa du, Santa Krutz Egunean brusa zuri-berdeko koadrilarekin afaltzeko, igandean familiarekin bazkaltzeko, Zumeatarrarekin danborradan ateratzeko...

Izan ere, ekitaldi mordoa dago aukeran ongi pasatzeko. Batzuk aipatzeagatik, arrakastatsua izan ohi da Ignacio Ibargurenen oroimenez egiten den herri krosa. Bihar izango da 30. edizioa, goizeko hamar eta erdietan Bekoplazan hasita. Egun berean izango diren rock kontzertuak ere aipatzekoak dira: Esne Beltza, Surfin Kaos eta Feos pero Majos taldeek joko dute.

Etzi Koadrilen Eguna izango da hamargarren urtez. Lehen urteetan herriko lagun talde batzuek ospatzen zuten eta, etenaldi baten ostean, 2000. urtean santakrutzetako egitaraura itzuli eta harrera bikaina izan zuen. «Festa zabaldu nahi genuen, ordura arte bost koadrila izan baikinen», azaldu diote sustatzaileek «Aiurri» aldizkariari. Iaz, 400 herritar baino gehiago bildu ziren. Gero eta jende gehiago erakartzen du Koadrila Egunak, eta horren lekuko dira egun osoko festa prestatzeko bilerak. «Azken bileran, ez ginen denok sartzen, eta hori bileretara ez garela koadriletako kide guztiak etortzen», kontatu dute.

Aurten ohitura bat berreskuratu nahi dute: espigoian afaltzeko ohitura. Hala, eguraldiak laguntzen badu, janaria bertara eraman eta elkarrekin egingo dute otordua. Baina, afaldu aurretik, adin guztietarako ekimenak egongo dira egun osoan: Txan magoaren erakustaldia, koadrila guztiak bilduko dituen kalejira, bazkaria, Trikizio taldearekin berbena...

Koadrilen Egunaren ondotik Santakrutz Eguna etorriko da. Hainbat ekitaldi izango dira, tartean Urki dantza taldeak Santa Krutz parrokian egingo duen ezpata-dantza saioa. Arratsalderako, berriz, joko berri bat prestatu dute: Xelebre Karrera.

Bizikletaz kateak kenduta?

Pozik egoteko moduan dira Andoaingo Txirrindulari Eskolako arduradunak. Ikasleak Gipuzkoako eta Euskal Herriko txapelketetan lehen postuak lortzen ari dira. Giro onak eraginda edo, ekitaldi berri bat prestatu dute jaietarako: lehen Xelebre Karrera. Bizikletari katea kendu, eta ahalik eta urrutien iristen denak irabaziko du proba. «In- darra eta teknika behar-beharrezko dira. Hori bakarrik ez, abiadura txikian eta eskulekua alde batera eta bestera eraginez orekari eusteko trebezia izatea ere oso garrantzitsua da», jakinarazi dute.

Igandea, azken eguna, herri mugimenduari eskainiko diote, eta hainbat ekimen prestatu dituzte txosnetan egiteko. Kale Nagusian auzo bazkaria egingo dute eta Zumea plazan elkar zirikatzen arituko dira Andoni Egaña, Unai Agirre eta Jokin Sorozabal bertsolariak.

santakrutz eguna

Ikurrinaren jaitsierarekin hasiko da eguna, eskopeteroek lagunduta. Iruñeko, Tolosako eta Andoaingo dultzaineroen topaketa ere izango da; capoeira erakustaldia; sardina jatea, danborrada, txakolin dastatzea... Bete-beterik dago egitaraua.

presoen alde

Jai programa ofizialetik kanpo, presoen aldeko ekitaldiak izango dira Santakrutz Egunean: bertso poteoa egingo dute lehendabizi, omenaldia eta manifestazioa gero, eta gauerdian brindisa.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo