GARA > Idatzia > Kultura

Berlingo «deserria» islatu du Irati Elorrietak lehen nobelan

Irati Elorrietak Alberdaniaren eskutik plazaratu du bere lehen liburua: «Burbuilak». Narrazioz osatutako nobela da, gehienbat Berlinen girotua. Pertsonaiak «deserrian» dabiltza, ezegonkortasunean, «airean dantzan, burbuilak balira bezala, izateko leku baten bila».

p057_f01_148x096.jpg

Martin ANSO | DONOSTIA

Irati Elorrieta (Algorta, 1979) Berlinen bizi da. Beraz, nobela osatzen duten istorioak gehienbat hiriburu hartan gertatzea ez da kasualitatea. Han elkartzen dira pertsonaiak, asko eta askotarikoak. Jatorri desberdina dutenez, Berlin ez ezik Bilbo, Bartzelona eta beste hiri batzuk ere islatuta agertzen dira plazaratu berri duen nobelan.

Atzo Donostian egin zuen aurkezpenean, zera esan zuen: «Kontatu behar dudanean liburuan zer gertatzen den, berehala argitzen dut ez dagoela gertaera itzelezkorik, egunero gertatzen diren gauzak baizik». Adibidez, istorio batean neska gazte batek hegazkina hartu behar du beste hiri batera bizitzera joateko; beste batean, berriz, lagun bat joan zaio bisitan. «Pertsonaiak filmak ikustera doaz edo kontzertuetara, hots, oso eguneroko gauzak egiten dituzte; hori bai, intentsitate handiz, eta, horregatik, egiten dutenak baino askoz garrantzi handiagoa du barrutik gertatzen zaienak, azalaz bestaldeko mundu horrek; burbuila barruan gertatzen denak, nolabait esateko».

Pertsonaiak etengabe ari dira asmatu nahian urrun diren lagunekiko harremanari nola eutsi, norberaren ametsak nola bete eta, beharbada bereziki, aldaketei nola aurre egin. «Izan ere -ohartarazi zuen Elorrietak-, oso garai ezegonkorrean bizitzea tokatu zaie; beti daude airean dantzan, burbuilak balira bezala». Aldaketen erdian, leku baten bila ari dira; «ez espresuki leku fisiko baten bila, izateko leku baten bila baizik», zehaztu zuen egileak.

Istorioz osatutako nobela da. Dena dela, istorio hauek, banaka hartuta ere, funtziona dezakete. Are gehiago, liburua ireki eta ixten duten istorioak, bakoitza bere aldetik, saritu dituzte Julene Azpeitia eta Gabriel Aresti literatur lehiaketetan.

«Ahots eta begirada berezia»

Hala ere, «Burbuilak», istorio bildumatik harago, nobela da. «Istorioen arteko loturak, batzuetan, pertsonaiek egiten dituzte; beste batzuetan, berriz, gaiek, espazioek... edo albarikoke arbola batek. Dena dela, nik uste dut batez ere hiriaren giroa eta garaia direla liburuari batasuna ematen diotena», nabarmendu zuen Elorrietak.

Atzo, Joxerra Garziak egin zituen Irati Elorrietaren literatur aitapontekoarenak. Garziak, Inazio Mujika Alberdaniako editoreak bezala, algortarraren ahotsa edo begirada «oso berezia eta, egungo literatur panoraman, oso bestelakoa» dela ohartarazi zuen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo