GARA > Idatzia > Euskal Herria

Biharko mobilizazio egunean kalera irteteko deia egin die LABek langileei

Ino Galparsoro Arrasateko alkateak bihar astebete egingo du Madrilen espetxeraturik. Udalerriko LAB, ELA eta ESK sindikatuek aske utz dezatela exijitu zuten atzo ohar baten bidez, eta gogor gaitzetsi zuten «interes eta bultzada politikoen menpe dagoen sistema judizial espainolaren etengabeko erabilera». LABek, gainera, Arrasateko greba orokorrarekin bat egin zuen eta bihar ere euskal udalerrietan egingo diren mobilizazioetan parte hartzeko deia egin zuen.

p015_f01.jpg

Gari MUJIKA |

Ino Galparsoro alkatearen espetxeratzea salatzeko eta, oro har, «Euskal Herriak bizi duen salbuespen egoerari stop esateko» herritar talde batek biharko Arrasaten greba orokorrera deitu du, eta horrekin bat egin du LAB sindikatuak, bai eta euskal udalerri guztietan ezker abertzaleak iragarri duen mobilizazio egunarekin ere. Gainera, Arrasateko alkateak kasik astebete espetxean daramanean, Udaleko LAB, ELA eta ESK sindikatuek Galparsoro aske uztea exijitu dute. Irakaskuntzako CCOO sindikatuak, aldiz, gogor errefusatu du greba eta parte ez hartzera deitu du.

Debagoieneko LABeko ordezkari ugarik egindako prentsa agerraldian, Jon Garatek hartu zuen hitza, eta sindikatu abertzaleak herritar talde batek Ino Galparsoro Arrasateko alkatearen espetxeratzearen aurka biharko deitu duen greba orokorrarekin bat egiten duela adierazi zuen. Era berean, «EAJren eta PSOEren errepresio estrategia» eta, oro har, «salbuespen egoera» salatzeko ezker abertzaleak bihar iragarri duen mobilizazio egunean parte hartzeko deia egin zuen.

Arrasaten bezalaxe, Euskal Herriko gainerako herrietan antolatu diren mobilizazioak eguerdian, 12.00etan, eta iluntzean, 19.00 eta 19.30ak aldera, egingo dira. Euskal langileei, baina bereziki LABeko afiliatuei, protesta horietan parte hartzera dei egin zien Garatek, bai eta Arrasaten erabateko lanuztea egitera ere.

Errepresio gertakizunetan «emandako jauzi kualitatiboa» gelditzeko modu bakarra herritarrak mobilizatzea dela defendatu zuen Garatek, eta ildo horretan EAJren jarduna deitoratu zuen; adibide gisa, herenegun greba orokorrerako deia egin zuten Arrasateko herritarren prentsa agerraldian Ertzaintzak izandako jarrera aipatu zuen.

Biharko greba orokorraren harira, Irakaskuntzako CCOOek Arrasateko ikastetxeetako langileei «parte ez hartzeko» deia egin die ohar bidez. Sindikatu espainolaren ustez, «Isaías Carrasco langileak jadanik ezin du erabaki greba orokor honetan parte hartzea. Hilda dago. Inocencia Galparsorok aldiz, defentsa eta epai duina izateko eskubidea dauka».

Ezker abertzalearen ustez, nahikoa dela esateko garaia iritsi da

Irungo ezker abertzaleko hautetsiek prentsa agerraldia egin zuten atzo goizean bihar Euskal Herrian iragarrita dagoen mobilizazio egunaren karietara; Irunen ere protestak izango dira eta horietan parte hartzeko deia egin zieten herritarrei.

Irungo zinegotzi Peio Gasconek eta Tomas Karrerak adierazi zutenaren arabera, Arrasateko alkate Ino Galparsororen kartzelatzearekin euskal independentismoaren aurkako «urrats kualitatibo oso larria» eman dute, eta dagoeneko «nahikoa da» ozen esateko ordua dela defendatu zuten. Hala, horren gisako erasoak salatzeko eta «konponbidea autodeterminazio eskubidean eta lurraldetasunean datzala berresteko», Gipuzkoako udalerrian, 12.00etan, Zabaltza plazan elkarretaratzea egingo dute mobilizazio egunaren harira; iluntzean, berriz, 19.30ean, San Juan plazatik manifestazioa abiatuko da.

Tomas Karrerak dei berezia egin zien EAJren oinarri sozialeko «abertzale zintzoei». Karreraren ustez, «ezin dugu ahaztu, PSErekin bat eginez, Garzoni bidea ireki diola EAJk. Jeltzaleek ezker abertzalea udaletatik bota nahi izan dute sasietikaz mozorrotutako mozioekin, eta hori Alderdien Legearen aurka daudela diotenean».

EAJ PSOErekin independentismoaren aurka ekiteko lerrokatu dela salatu zuen, baina konponbideak mahai gainean jartzeko garaia ere badela azaldu zuen. Hala, ezker abertzaleak planteaturiko Marko Demokratikorako Proposamena ekarri zuen gogora eta lanabes izango dutela adierazi. Gainera, «gaur egun, konponbide bat lortzeko mahai gainean dagoen proposamen bakarra» dela oroitarazi zuten Karrerak eta Gasconek. GARA

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo