GARA > Idatzia > Euskal Herria

«Berrogei urte geroago, hilero maiatza izan dadila», eskatu du IAk

Ikasle Abertzaleak taldeak Mobilizazio Eguna prestatu du ostegunerako, eta parte hartzeko dei egin dio unibertsitateetako ikasle orori. Ekintzetan, agintariei Bologna gelditu beharko dutela jakinaraziz, aldarrikapen bat zabalduko dute: «Gurea da hitza. Hilero maiatza izan dadila».

p018_f02_097x076.jpg

Maider IANTZI |

Badira urteak Italiako hiri batean europar goi-hezkuntza esparrua eraikitzeko prozesu bat diseinatu zutela, baita Euskal Herrirako diseinu horren araberako unibertsitateen eraldaketa ere. Ikasle Abertzaleak taldeko kideek hasieratik arbuiatu dute Bologna prozesua, hezkuntza merkatuaren zerbitzura jartzen duela uste baitute. Hezkuntza eskubidearekin talka egiten duelakoan daude, eta horregatik abiarazi zuten prozesuari aurre egiteko mugimendua, elitearentzako unibertsitate pribatu eta homogeneoaren kontra.

Bi greba orokor eta hainbat mobilizazio egin dute, %90etik gorako jarraipena izan dutenak, ikasleen nahia erakusteko. Abenduaren 20an Leioan egindako manifestazio jendetsua da azkeneko adibidea. Hala ere, salatu dutenez, unibertsitateek ikasleen kezkei erreparatu beharrean muzin egiten diete aldarrikapenei. Azaldu dutenez, gizartean eredu beharko luketen unibertsitateek, kritikaren eta askatasunaren egoitza beharko luketen horiek, ez dute Bologna prozesuaren aplikazioa zalantzan jartzen; ez dute aldaketa itzel hauen aurrean parte hartzea sustatu, eta eztabaida demokratiko bat martxan jartzen.

Ikasle abertzaleen iritziz, inposizioa da unibertsitateko gerentziak ulertzen duen bide bakarra. Bide horretan, gainera, disidentzia modurik ankerrenean isilarazteko asmo garbia azaldu duela kritikatu dute gazteek.

«Hau al da unibertsitate eredu egokia? Hau al da duela berrogei urte 68ko Maiatzeko barrikadetan amesten zutena? Guk ezetz uste dugu. Irudimena boterera eraman behar dela uste dugu», azaldu dute.

Ikasleek makina bat aldiz erran diete ezetz Bologna prozesuari eta haren inposizioari, eta bertze hainbertzetan aldarrikatu dute beren hitza errespeta dadila. «Erantzuna berbera izan da beti -jakinarazi dute-, modu desberdinetan eman diguten arren: errepresioarekin, beste aldera begiratuz zein mehatxu bidez. Unibertsitateko agintariek Bologna prozesua komunitatearen gainetik eta ikasleria isilaraziz inposatu nahi dute».

Abisatu dute alferrik saiatuko direla isilarazten, hitzaren errespetuaren aldarrikapenetik hitza hartzera pasatu baitira gazteak. Horren froga da Ikasleen Adierazpena, dagoeneko atxikimendu ugari jaso duena. «Gurea da hitza eta entzun beharko gaituzte», baieztatu dute.

Irudimena dute arma nagusi

«Unibertsitateko agintariek ikasleok esperientzia nahikorik ez dugula esaten digute -azaldu dute-. Erabakiak hartzeko gazteegiak omen gara. Hori dela-eta, beraiek hartzen dituzte erabakiak gure ordez. Baina, aldi berean, Bologna prozesua iraultza pedagogikoaren `goxokia'ren bidez saldu nahi digute, ikaslea hezkuntza prozesuaren subjektu bilakatuko duela esanez».

Kritikatu dutenez, orain berrogei urte herriarentzako eta herritik sortutako unibertsitatea aldarrikatzen zuen mugimendua sinpatikotzat jotzen duten horiek nahi dute egungo ikasle borroka kriminalizatu eta zapaldu unibertsitatea merkatuaren eta enpresen mesedetara jarriko duen prozesu bat inposatzeko. Egoera honetan, ikasleek borrokari indar handiagoz ekiteko asmoa agertu dute. Irudimena dute horretarako arma nagusi, eta ez diote uko egingo.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo