GARA > Idatzia > Ikusmira

Nekazarien alde eta bitartekarien mozkinen aurka, mobilizazioak egin ditu EHNEk

Atzo Bilboko eta Iruñeko kaleak zeharkatu zituzten ehunka baserritarrek mezu kezkagarria barreiatu zuten. Izan ere, kezkagarria baita sektorearen egoera eta, ondorioz, neurri eraginkorrak eskatu zituzten: salneurri justuak, merkatuen gaineko kontrola, inportatutako produktuen osasun bermea eta nekazaritza politiken aldaketa. Baserritarrek ekoizpen kostu gero eta handiagoari aurre egin behar diote, eta, aldi berean, gero eta salneurri txikiagoan saldu. Salneurri txiki hori, ordea, biderkatu egiten da merkatura orduko, enpresa handien eta bitartekarien etekinak adina. Horiek horrela, baserritarrek eskatzen duten «prezioen behatokia» zentzuzkoa ez ezik, beharrezkoa ere bada. Bestalde, merkeago ekoizten duten multinazionalen produktu inportatuei hemengoei adinako kontrola egin diezaietela eskatzea kalitatearen aldeko apustua da. Abeltzainek eta nekazariek oinarrizko sektorea osatzen dute, tamalez abandonatuta dagoen sektorea. Arrazoi osoa du, beraz, atzo erakutsi zuten leloak: «Desagertzen bagara, denok galduko dugu». Izan ere, hori gertatuz gero, herritarron elikadura enpresa handi bakan batzuen erabakien, negozioen, mende geratuko litzateke.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo