GARA > Idatzia > Ekonomia

LABeko pentsiodunek arlo berri bat sortzeko lehenengo urratsa eman dute

LABek pentsiodunen arloa sortzeko asmoa du, eta helburu horrekin sindikatuko Pentsiodunen I. Batzarra egin zuten atzo Iruñean. Adinagatik lana utzi duten langileei sindikatuan jarraitzeko aukera eman, eta pentsio publikoen aldeko borroka indartu nahi ditu LABek.

p027_f02_199x136.jpg

GARA |

LABek sindikatuko Pentsiodunen I. Batzar Nazionala egin zuen atzo Iruñean. Rafa Diez sindikatu abertzaleko idazkari nagusiaren esanetan, «urrats garrantzitsua» izango da batzar hau, eta sindikatuaren etorkizunean erabaki estrategiko izan daiteke. Diezek batzarrean egindako hitzaldian esan zuenez, langile pentsiodunei antolatzeko esparrua eskaintzea da ekimen honen asmoa.

«Adinagatik edo lan aktibitateari lotuta ez egoteagatik ez da eten behar klase sindikatu baten jarraipena», azaldu zuen. Hala, LABek langile horiei esparru bat eskainiko die berariaz «klase sindikatu batetik eragina izateko aldaketa ekonomikoetan, sozialetan eta politikoetan». Prozesu honen ondorioz LAB sindikatuan pentsiodunen arlo berri bat sortuko da.

Pentsio publikoak, kolokan

Gobernu espainolak ekainaren 8an onartu zuela Pentsioen Funtsa Kudeatzeko Lege Proiektua gogorarazi zuen Rafa Diezek. Lege proiektu horren ondorioz, ekonomia-ziklo negatiboko garaietan pentsioak kolokan ez izateko gordetzen den dirua burtsan eta inbertsio funtsetan inbertitzeko aukera izango da, Diezek ohartarazi zuenez. «Gauza hauek ez dira kasualitatez gertatzen», gaineratu zuen. UGT eta CCOO sindikatuei, «apetaz» hautatutako politikoei, eta Gizarte Segurantza inbertsio funtsa bat izango balitz bezala zuzendu nahi duten enpresariei leporatu zien egoera horren arduradun izatea.

«Neoliberal basati hauek diru publikoaren arloan indarrez sartu dira, dena dakienaren harrokeriaz; ez dute aztertu nahi finantzen burbuilak pentsio sistema pribatizatuetan eragin duen porrot izugarria». Jarraian gaineratu zuenez, «soilik epe laburreko etekinak dituzte gogoan, burtsako kasinoan duten trebetasunari esker irabazita».

Sindikatu abertzaleko idazkariak pentsio publikoen diruarekin ez jolasteko eskatu zien, «dagoeneko nahiko hondatu dituztelako».

LABek esandakoaren arabera, pentsio publikoak finantzari neoliberalen eta BBVArekin negozioak egiten dituzten Estatuko sindikatuen eskuetan uztea «porrotaren bermea» da.

Horregatik, konpontzea ezinezkoa izan baino lehen, euskal langileek gizarte segurantzako sistema propioa aldarrikatzeko eta egiteko beharra nabarmendu zuen, ondasunaren banaketa bidezkoa, berme publikoa eta gizarte kontrolean oinarrituta.

Gehiengo sindikala aldarrikapen demokratiko horren alde dagoela esan zuen Diezek, kotizazioak «hemen erabakitzeko eta hemen kudeatzeko».

Bere iritziz, euskal gizarteak badu baliabide nahikoa pentsioak baldintza horiekin bermatzeko, inor «gure kotizazioen lepotik» aberastu beharrean, edo neoliberalismoko adituek «arrrisku handiko funtsetan inbertitzeko» horiek erabili barik.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo