GARA > Idatzia > Gutunak

Eñaut Elosegi Aiherra

Bidegabekeriaren kolaboratzaileak

Bada hilabete pasa jakin genuela ezker abertzaleko zazpi militanteren diru kontuak hetsiak izan zirela, Levert epaileak Garzón epailearen agindua betez. Geroztik, gu, militante horien bikotekide eta seme-alabak, egunetik egunera, fikziozko istorio bat bizitzen ari gara. Gure diru kontuak blokeatuak dira (zentzu bakarrean: ezin dugu dirurik atera, baina sartu bai!); beraz, ekonomikoki itoak gara. Eguneroko gastuak (janaria, garraioa, osagarria eta abar) ordaintzeko ezintasunean gaude.

Gainera, ez dira gure bikotekideen kontuak bakarrik blokeatu, baizik eta gureak, gure haurrenak, eta bikotekideak inplikatuak dauden elkarteenak ere! Hots, zazpi pertsonen kontuez gain, haien ingurune guziaren baliabide ekonomikoak ere moztu dituzte (16 pertsona, 33 kontu, 3 elkarte, enpresa bat).

Eta oraino ez dakigu zer arrazoirengatik, nehork ez baitigu azalpenik eman, ez justiziak, ezta ere bankuek. Beraz, erabaki judizial batengatik, bankuek bizitzea galerazten digute, azalpenik eman gabe. Hau nola uler daiteke? Guk hutsik ttipiena egiten dugularik, berehala deitzen gaituzte azalpen eske! Banku batek bere bezeroei diru kontuak blokatu, eta ez abisatu!

Azken denboretan, sekula baino gehiago egon gara banketxeetan, arduradunekin mintzatzen, egoera ulertu eta konpondu nahian. Banketxeetako arduradunen jarrera harrigarria da: onartzen dute ez dutela sekula halako justizia erabakirik ezagutu, baina ukatzen dute erabaki hori nork eta zergatik hartua izan den erratea. Injustizia bat gertatzen ari dela onartzen dute, baina erraten dute ez dutela deus eginen horren zuzentzeko. Haiek aginduak betetzen dituztela erraten dute, ezin dutela deus egin.

Guk, hiritar guziak bezala, betebeharrak baditugu, baina eskubideak ere bai. Une honetan gure eskubideak ez dira bermatuak, bankuek informazioa zor digute, eta ukatzen digute. Zergatik? Beldur baitira, haien hierarkiaren aitzinean uzkur baitira. Haien jarrera lotsagarria da, bidegabekeria baten aitzinean isilik egonez bidegabekeria hori onartzen baitute. Afera honetan haien alderdia hautatu dute: justiziaren kolaboratzaileak dira.

Guk egoera hori ez dugula onartzen aldarrikatzen dugu, eta banketxe horien jarrera publikoki salatu nahi dugu. Crédit Agricole, Crédit Mutuel, Caisse d'Epargne, La Poste, BAMI, Société générale: ez dugu zuen jokamoldea onartzen!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo