GARA > Idatzia > Editoriala

Berriro Solanaren politika tamalgarria

Datorren urteko udaberrian hamar urte beteko dira NATOk Serbia eta Kosovo bonbardatu zituenetik. Hamar urte pasa dira eta garai hartan Balkanetako politikagintzaren ardatzak ziren hiru pertsonaia nagusietatik -Milosevic agintean, Djindjic eta Kostunica oposizioan- bakarra bizirik dagoen arren -Kostunica-, eta serbiar mapa politikoan aldaketa nabarmenak izan diren arren, serbiar gizarteko ardatzak ziren korronte horiek hala izaten jarraitzen dute, era batean edo bestean. Aldi berean, Europar Batasunak eskualdean zuen eragin negatiboak ere bere horretan dirau.

Hauteskundeetako emaitzak ikusita, lehia Tadicek irabazi duela esan daiteke, atlantismoa eta sozialdemokrazia defendatzen dituen hautagaiak. Djindjicen oinordekoa bultzatzeko EBk hartu dituen neurriak -Serbia Batasunean sartzea azkartzeko- eraginkorrak izan dira, zalantzarik gabe. Hala ere, gobernatzeko behar besteko babesik ez du. Galtzailea, nolabait esateko, Nikolicen eta Hagan preso dagoen Seseljen Alderdi Erradikala izan da, alegia, Errusiaren aldeko hautagai kontserbadorea. Nolanahi ere, gobernatzeko babes nahikoa lor dezakete, ia oposizioa osoa biltzea lortzen baldin badute. Eta hortxe kokatzen da, beste behin ere, gero eta eragin sozial txikiagoa duen baina giltzarri izaten jarraitzen duen Kostunica. Azkenik, hauteskundeetako ezustekorik handiena Hagan hildako Milosevicen SPS alderdia izan da. Gobernatu nahi duenak horren babesa beharko du, nahitaez. Hala, zantzu guztien arabera, bere sortzailearen etsai izan ziren bien artean hautatu beharko du, Tadicen edo Kostunicaren artean.

Hartara, Europar Batasunak Tadicen garaipenagatik bere burua zoriondu duen arren, epe ertaineko ikuspuntu batetik aztertuz gero, emaitzek europar politikaren porrota erakusten dute. Solanak Milosevic botatzeko baliatu zuen Kostunicak haren oinordekoei boterea emateko aukera handiak daude-eta. Finean, xantaiaz eta diruaz politikariak eros ditzakete, baina ezin dituzte herriak nahierara aldatu.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo