GARA > Idatzia > Mundua

Hassan al-Turabi, Sudango aurkari islamista nagusia, atxilotu dute Jartumen

Darfurreko matxino islamistek Sudango hiriburu Jartumen kontra egin zuten erasotik bi egunetara, Hassan al-Turabi aurkari islamista nagusia atxilotu zuten Omar el-Betxir presidentearen segurtasun indarrek atzo, bere alderdiko beste lau kiderekin batera.

GARA |

Sudango oposizio islamistaren buru Hassan al-Turabi atxilotu zuten atzo Jartumen, hiriburu hori Darfurreko matxinoen mehatxupean zegoen bitartean. Tiro hotsak behin baino gehiagotan entzun zituzten atzo Jartumen.

Jartumen alboan dagoen Omdurman hirian -Nilo ibaiaren beste ertzean dago, zubi batez lotuta- JEM gerrilak, Darfurreko matxinoen artean ahaldunenak, ezusteko eta ezohiko erasoa egin zuen, eta handik bi egunetara atxilotu zituzten al-Turabi eta bere alderdiko, Herri Kongresuko, beste lau kide.

«Segurtasun indarrak etxera etorri dira eta senarra, Betxir Adam Rahma, atxilotu dute», azaldu zuen telefonoz Israa Mohammed al-Betxirrek. «Hassan al-Turabi eta alderdiko beste hiru kide nagusi atxilotu dituztela ere badakigu», gaineratu zuen.

«Segurtasun indarrek ez dute inolako arrazoirik eman atxiloketak egiteko. Jartumen gertatzen ari denarekin lotura duela esan dute soilik», nabarmendu zuen.

Sudango presidente Omar el-Betxirren lagun mina izan bazen ere, egun haren arerio nagusia da al-Turabi, eta askotan sartu dute espetxera.

Khalil Ibrahim, JEMeko burua, al-Turabiren aldekoa izan zen iraganean eta, agintariek uste dutenaren arabera, oraindik loturak dituzte. Biek ukatu dute harreman hori, nahiz eta 2006an al-Turabik JEMek defendatzen duen Estatu islamistaren aldekoa zela adierazi zuen.

Larunbatean Omdurman hiriaren kontra JEMen aldekoek egin zuten erasoa Sudango hiriburutik hain gertu burutzen den lehena da, beti ere Omar el-Betxir presidentea boteretik botatzeko helburuarekin. Erasoan 255 matxino eta 77 soldadu hil dira, Sudango Gobernuko iturri ofizialek jakitera eman zutenaren arabera.

mugaren itxiera

Txadeko Gobernuak Sudanekin duen muga ixtea eta harreman ekonomiko eta kulturalak etetea erabaki du, igandean Jartumek harreman diplomatikoak hautsi ondoren.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo