GARA > Idatzia > Gutunak

Mikel Arrastoa Zizurkilgo ezker abertzalearen izenean

Arrazoirik ez duenaren bidea

Samina eragin digute azken asteetako gertakari eta erabakiek. Eta samin hori areagotu besterik ez dute egin hainbat komunikabidetan gure herriaren gainean eman diren informazioek, horrela deitzerik badago behintzat.

Madrildik iritsi ziren lehen zurrumurru eta erasoak, baina herriko Udala hartua dutenek eman dituzte ondorengo pausoak. Herritarren aurkako pausoak. Arrazoirik ez duenaren bidea da Udalarena, irainarena. Iraintzat jotzen baitugu herritarrei zer gogoratu eta nola inposatzea. Iraina, erabaki hori hartu behar zutenean herritarrei udaletxeko ateak ixtea eta indar polizialek herria hartzea. Sentsazio bera izan genuen iazko ekainean, herriaren borondateari bizkar eman eta orduan ere Polizia lagun hartuta, Udaletik kanpo utzi gintuztenean. Hala ere, Zizurkilen alde lan egiteko borondate irmoa genuenez, elkarlana eskaini genion udal gobernuari. Trukean jaso duguna: trabak, gezurrak eta irainak.

Minduta gaude Joxelu Geresta eta Joxe Arregi herriaren historiaren parte hartzen ditugulako, hil zituzten moduan hilda errespetu eta begirune gehiago merezi dutela uste dugulako, eurak ere biktimak izan direlako. Erabaki honekin, euren senide eta lagunak ez ezik, herritar asko samindu dituzte eta euren adierazpenekin samin hori biderkatzea soilik lortu dute. Ahaztu egin al zaie Arregi bederatzi egun inkomunikatuta egon eta jasan zituen torturengatik hil zela? Ez al dute gogoratzen zein egoeratan eta zein unetan agertu zen hilda Geresta?

Bizikidetza lasaiaren alde agertzen dira eta horretarako aukeratu duten bidea herri borondateari uko egitea da. Etika eta errespetu hitzekin ahoa bete bai, baina iraina bide hartu dute. Nola ulertu gainerakoan «herritarren alkate» izendatzen denak komunikabideetan herritarrak iraintzea? Egunkari bati emandako elkarrizketan, Zizurkil Goian bizi direnak «mestizajearen aurkako», «pribilegiatu» eta «burgesak» jo ditu udal Gobernuak. Zein bizikidetza mota bultzatu asmo dute adierazpen hauek? Zein izango da hurrengo iraina?

Desagertu dira jada Gerestaren eta Arregiren plaza izenak zeramatzaten plakak eta euren omenez jarritako oroitarriak, baina oraindik Joxe Arregi eta Joxelu Geresta plazek hor diraute eta hor iraungo dute, herriak horrela erabaki zuelako, eta inposaketak herritarren oroimenean zer eginik ez duelako.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo